Eskualdeko baserritarrak haserre, Eusko Jaurlaritzak tokiko ekoizleen azokak debekatu ostean

Txabi Alvarado Bañares 2020ko api. 9a, 18:37

Larunbatean azoka egitekoak ziren zenbait tokiko ekoizle Laudion.

Hala ere, aukera egongo da tokiko ekoizleen produktuak eskuratzeko, etxez etxeko salmenta zerbitzua burutzeko hainbat ekimen jarri baitira abian eskualdean.

Herrietako azokak debekatu zituen Eusko Jaurlaritzak atzo. Alarma-egoera amaitu arte egongo da indarrean neurria, eta ordutik aurrera ere segurtasun neurri zorrotzak bete beharko dituzte ekoizleen postuek, Osasun Sailak esan arte.

Neurriak haserrea sortu du eskualdeko baserritarrengan. Laudio, Amurrio eta Urduñako azokak konfinamendua ezarri zenean geratu ziren bertan behera, baina ekoizle batzuk asmoa zeukaten larunbat honetan Laudioko Herriko plazan postua jartzeko. “Astelehenean hitz egin genuen udalarekin eta bere oniritzia genuen”, azaldu du Josemi Atxak, “baina bat-batean neurri hau atera dute, eta bertan behera utzi behar izan dugu azoka, jendeak jada eskaerak egin dituen arren”. Gauzak hala, lokal itxi bat baliatuko dute eskaera horiek entregatzeko. “Kontuan hartu behar da oso ekonomia txikia dela gurea”, nabarmendu du Kasille baserriko kideak.

“Beste pauso bat”
Mikel Kormenzana urduñarra ere oso kritiko azaldu da Eusko Jaurlaritzaren neurriarekin. “Geratzen ziren azoka bakanek segurtasun eta prebentzio neurriak hartuak zituzten dagoeneko”, ziurtatu du baserritarrak, eta salatu du gobernuak tokiko ekoizleei ematen dien alternatiba “Eroski edota Carrefour” bezalako saltoki handien bidez saltzea dela, “hau da, justu prezio eta baldintza duinak bermatzen ez dituzten horiekin. Dena osasunaren izenean egiten dute, merkataritza gune handietan gutxiengo osasun neurriak bermatzen ez diren bitartean”.

Kormenzanaren ustez, Eusko Jaurlaritzaren erabakiak azken hamarkadetan bultzatu diren elikadura eta nekazaritza politikei erantzuten die: “Euskal nekazaritza eta abeltzaintza sektoreen desagerpenaren erantzuleak dira, eta erabaki hau beste pauso bat baino ez da izan norabide horretan”.

Etxez etxeko salmenta
Hala ere, aiaraldearrek aukera izango dute tokiko ekoizleen produktuak eskuratzeko, etxez etxeko salmenta jarri baitute martxan baserritarrek, hainbat ekimenen bidez. Urduñan iragan larunbatean egin zuten lehen banaketa, eta astero egiteko asmoa dute:

Laudio eta Amurrioko azoketan zeuden tokiko ekoizleek, aldiz, Aiaraldea Zainduz zaintza sarearekin elkarlanean plazaratu dute ekimena:

 

Aiaraldea Ekintzen Faktoriak ere abiatu du etxez etxeko banaketa zerbitzua, bazkideen artean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide