Osakidetzak plazaratu berri duen txostenaren arabera, kasu berri bakarra detektatu zuen osasun sistema publikoak atzo, Orozkon.
Horrenbestez, herri gehienetan kasu berrien kopurua egonkortu da azken astean, Aiaran salbu. Udalerri horretan 15 kasutik 21era igaro dira apirilaren 12tik atzo bitartean.
Berez, eskualdeko kutsatuak 219 dira jadanik eta hau da banaketa: Laudion 83, Amurrion 66, Aiaran 22, Urduñan 20, Orozkon 15, Artziniegan 9 eta Okondon 5.
Neurri batean, Laudio da herririk kutsatuena 83 kasurekin. Hala ere, orain EAEko 26. udalerririk kaltetuena da eta behera doa sailkapen horretan, 20. postuan egon izan baita.
Dena den, biztanle kopuruari erreparatuta, Aiaran zabaldu da gehien pandemia. %0,75a izatera heldu dira bertan herritar kutsatuak. Amurrion %0,62 da ehunekoa, Orozkon %0,57, %Urduñan eta Artziniegan %0,46, Laudion %0,45 eta Okondon %0,41.
EAEn atzo asteartean baino kutsatu gehiago egon ziren; 253tik 312ra egin zuen salto zenbaketak. Guztira, 11.790 gaixo aitortu ditu Osakidetzak: 6.442 Bizkaian, 3.118 Araban eta 2.230 Gipuzkoan. Hildakoen kopurua 956ra heldu da, atzo baino 54 gehiago.