Amurrioko Juan Urrutia plazan, ekitaldi jendetsuan plazaratu genuen "Aiaraldea.com" hedabidea, euskararen erabilera sustatzeko komunikazio leihoa, duela hamar urte. Hamarnaka boluntarioren artean sortutako webgune hura (ikus-entzunezkoak, argazkiak, irratia eta artikuluak barne hartzen zituena) nabarmen eraldatu da azken hamarkadan.
Gaur egun, 50 boluntario eta 400 bazkideren bultzadari esker iristen da lau haizetara Aiaraldea Komunikabidea, Aiaraldea Kooperatiba Elkarteko beste zenbait proiekturekin batera (Kokoriko Hezkuntza Faktoria edota elikadura burujabetza eta tokikotasuna ardatz dituen ekonomatua, besteak beste).
"Aiaraldea Komunikabidea, larrialdi egoeran egonagatik, herritarrak euskaraz informatzen jarraitzeko asmoan berresten da". Horren adibide dira berrogeialdian zehar abiatutako ekimenak: Etxean goxo saila, Aiaraldea Hemen argitalpena digitalki zabaltzea eta asteroko maiztasunarekin... "Zuek egiten duzue proiektu hau berezi. 10 urtez euskaraz informatzeko eta komunikatzeko ohitura bizi-bizirik mantendu dugu, eta aurrerantzean beste horrenbeste pauso gehiago egitea elkarrekin espero dugu! Zorionak Aiaraldea!", adierazi du Izar Mendiguren Cosgaya hedabideko kideak.