Azken eguneko gorakada handiena egon da eskualdeko koronabirusaren positibo berrietan, Osakidetzak plazaratu berri duen txostenaren arabera. Berez, 4 kutsatu gehitu dira zenbaketara, hau da, azken 3 egunak batuta egon den kasu kopuru bera.
Positibo gehienak Laudion izan ziren atzo, 3. Horrela, Laudion 86 gaixo erregistratu dituzte, eta EAEko udalerririk kaltetuenen artean 26. postua mantendu du herriak, atzo bezala. Nabarmentzekoa da alarma egoera ezarri zenetik 20. postuan egon dela zerrenda horretan, besteak beste.
Beste kasua Aiaran azaldu zen. 22 dira bertan gaixoak jada, eta horrek bilakatzen du, populazioarekin alderatuta, eskualdeko herririk kutsatuena, %0,75 gaixotu baita. Bestalde, Amurrion herritarren %0,62ra zabaldu da pandemia, Orozkon %0,57ra, Urduñan, Laudion eta Artziniegan %0,46ra eta Okondon %0,41era.
Amurriok 66 kasu ditu, Urduñak 20, Orozkok 15, Artziniegak 9 eta Okondok 5. Hala ere, Okondon apirilaren 2an topatu zuten azken positibo berria, eta Artziniegan eta Urduñan apirilaren 9an.
Ikuspegi orokorrari dagokionez, apirilaren 2tik diagnostiko berrien kopurua nabarmen murriztu da -egun horretan 20 izan ziren- eta geroztik, egun gehienetan 5 edo gutxiago izan dira. Adibidez, apirilaren 13tik bakarra egon da egunero; edo 2, gehienez.
EAEko egoerari erreparatuta, 12.089 dira erkidegoko positiboak: Bizkaian 6.667, Araban 3.156 eta Gipuzkoan 2.266. Hildakoen kopurua 992ra heldu da, aurreko egunean baino 36 gehiago.