HAIZEA GANZEDO

“Koronabirusaren aurkako neurriak oso azkar hartu dira Argentinan”

Haizea Ganzedo, ikasle-egoitzako terrazan.

Argentinan harrapatu du koronabirusaren krisiak HAIZEA GANZEDO menoioarra. Bertako ikasle-egoitzan egon da konfinatuta. Iragan astean itzuli zen Aiaraldera.

Argentinan bizitzen egon zara, zertan?

Buenos Airesera 2019ko uztailean heldu nintzen urtebete ikasten egoteko asmoarekin. Hemengo unibertsitateko klaseak uztailetik azarora arte eduki nituen, gero azarotik otsailera arte.

Hemengo uda garaian, aprobetxatu nuen bidaia handia egiteko Hego Amerikatik, baina  Buenos Airesera heldu nintzenean ikasturteko  bigarren sei-hilekoa hasteko asmoarekin, koronabirusaren afera  hasi zen.

Koronabirusak bete-betean harrapatu zaitu bertan. Zein da egoera orain Argentinan? Zelan bizi izan duzu zuk?

Kolonbiako kostaldean herri oso txiki batean bi aste egon nintzen, wifirik gabe eta telebistarik gabe; koronabirusari buruzko informazio bakarra familiak bidaltzen zizkidan albisteak ziren. Baina behin Medellinera iristean, hegazkina hartzeko, konturatu nintzen familiak esandako guztia egia zela eta  egoera oso latza zela. 

Buenos Airesera iritsi eta bi egun beranduago konfinamendua hasi zen eta mugak itxi ziren. Nahiz eta oraindik Argentinan kasu gehiegi ez egon, Europako beste herrialdeekin konparatuz, hartu diren  neurriak antzekoak izan dira. Hilabete daramagu konfinamendu egoeran.

Egoera horretan, maite ditudan pertsonak urrun edukitzea izan zaila da, eta herrialde berri batean egoteak sortzen dituen ezagutzeko gogoak etetea ez da erraza.

 

“Nik egunero egin ditut bideo-deiak familiarekin eta lagunekin, eta urrun egon arren gertu sentitu ditut”

 


Zertan ezberdintzen da bertako konfinamendu egoera Estatu Espainiarrekotik?

Lehen aipatu dudan moduan, ezberdintasunik handiena neurriak oso azkar hartu direla izan da. Hemengo presidenteak esan duen moduan, "ekonomia galtzekotan beti berreskuratu ahal izango da, baina galdutako bizitzak ezin izango dira berreskuratu".

Horregatik, nahiz eta egoera latza izan, gobernuaren jarrera pertsonen osasuna zaintzearen alde dago. 

Zeintzuk dira datozen asteetarako dituzun aurreikuspenak?

Klaseak on-line hastea espero dut. Oraingo egoera latza izan arren, mundu osoan bezala -pandemia globalizazioaren ondorio baita- urtebete etxetik at egotea oso aberasgarria eta izugarrizko aukera dela iruditzen ari zait. 

Unibertsitatean ikasketa akademiko asko lortzen ditugu, baina honelako aukerek bizitzarako beste ikasketak jasotzeko aukera ere ematen dizkigute, behintzat nik horrela bizi dut.

Etxetik hain urrun egotea, kulturak eta hainbat toki ezagutzea izugarrizko aukera da, zure burua hobeto ezagutzeko, besteak ezagutzen eta ulertzen saiatzen zaren bitartean.

Gazte guztiak honelakoak egitera animatu nahi ditut. Oraintxe egoera txarra bizitzen ari naiz, baina han egonda ere latza izango litzateke.

Gainera, distantziak gaurko telekomunikazioek gerturatzen dituzte. Nik egunero egin ditut bideo-deiak familiarekin eta lagunekin, eta urrun egon arren gertu sentitu ditut.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide