"Gora Haurtzaroa!" lemapean ekimena egingo du Oinherrik igandean, apirilaren 26an, 12:00etan. Modu horretan nahi dute umeen jarrera txalotzea, eta euren eskubideak aldarrikatzea. "Kokoriko Hezkuntza Faktoria Oinherri egitasmoaren parte da, eta haurrak erdigunean jartzeko irakurketa propioa zabaldu dugu", adierazi du Aritz Lili Lekanda Oinherri eta Kokorikoko kideak. Etxeak koloreztatzeko deia ere luzatu dute, txalokadarekin batera.
Baina nola bizi dute umeek larrialdi egora? Ikus-entzunezkoan jaso dituzte Euskal Herriko haurren konfinamendu egoerako sentimenduak, tartean, Aiaraldeko umeena: "Arakaldoko, Amurrioko eta Laudioko haur batzuen iritziak ere bildu ditugu bideoan".
"Gora haurtzaroa"
Apirilaren 27an izango dute Hego Euskal Herriko umeek kalera ateratzeko aukera. "Modu bizian ospatu nahi dugu igandean hori, eta haurrak zoriondu nahi ditugu erakutsitako jarrerengatik". Finean, umeen aldeko eskubideen aldarrikapenak gizarteratzea eta haurren ahotsak entzutea dira ekimenaren xedeak.
Kokorikoko kideek azpimarratu dutenez, haurrek euren espazioak behar dituzte, "eta kontuan hartuak izan behar dira oraina diren heinean, eta ez etorkizuneko kide modura". Hargatik, larrialdi egoeran ere euren beharren garrantzia nabarmendu dute: "Kalea eta naturan egotea, adibidez. Mundua esperimentatzen ikasten dute, mundua da eskola, eta horretarako munduko partaide izatea eta bertan egotea beharrezkoa dute".