LANTEGIETAKO EGOERA

Sindikatuekin adostasuna lortu gabe, Tubacex enpresak aurrera egingo du enplegua erregulatzeko espedientearekin

Aitor Aspuru Saez 2020ko api. 22a, 09:00

Sindikatuek ez dute babestu enpresaren espedientea. / Aiaraldea.eus

Lau bilera egin ondoren, sindikatuek jakinarazi dute ezinezkoa izan dela enpresako zuzendaritzarekin adostea enplegua erregulatzeko behin-behineko espedientea. Besteak beste, Tubacexek ez zuen aparteko soldatak ordaintzeko asmorik.

ELA, STAT, LAB, Atal Sindikal Independentea eta CCOO sindikatuek ohar bateratua plazaratu dute azaltzeko ez dutela adostasuna lortu Tubacex enpresarekin. Erakundeek azaldu dute akordiorik gabe egingo duela zuzendaritzak aurrera enplegua erregulatzeko behin-behineko espedientearekin.

Langile batzordeak adierazi du 4 bilera egin dituztela, baina enpresako arduradunek ez dutela aintzat hartu beharginen egoera eta hasierako irizpideak ez dituztela aldatu.

Esaterako, salatu dute aparteko soldatak ez dituztela ordainduko eta aparteko lanorduekin jarraitzeko asmoa dutela. Azken neurri horri dagokionez, batzordeak honakoa gehitu du: "salbuespen kasuetan egingo dira, baina eurek markatuko dituzte, eta ez gara fidatzen, jakina".

Behin-behineko espedientea ez babesteko beste arrazoi bat izan da horren ostean beste bat eskatzeko aukera iragarri duela enpresak: "bata babesteak justifikatu dezake bestea".

Printzipioz, maiatzaren 4an hasiko da espedientea eta 6 hilabetez luzatuko. Enpresak egindako azken eskaintzan osagarriak jarri zituen mahai gainean, langileek soldata ia osoa kobratzeko, nahiz eta espedientearen ondorioz lanpostuan ez aritu, baina akordiorik sinatu ez denez, lan egiten dituzten orduak besterik ez dituzte kobratuko beharginek. Gainerakoa langabeziaren aldetik jasoko dute.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide