ERREPORTAJEA

Udaltzain batzuen “jazarpen etengabea” salatu dute hainbat bizilagunek

Txabi Alvarado Bañares 2020ko api. 28a, 12:00
Dozenaka isun jarri dituzte udaltzainek alarma egoera ezarri zenetik. / Laudioko Udala

Txakurren jabe ugarik salatu dute polizien jarrera, besteak beste. Udalak, bere aldetik, ezarritako isunak justifikatuak daudela ziurtatu du. 

Isun andana jarri du Laudioko Udaltzaingoak alarma egoera ezarri zenetik. Konfinamenduaren lehen astean soilik 56 pertsona isundu zituen, Ertzaintzarekin koordinatuta. Lehen egun horietan 67 salaketa tramitatu, 157 herritar identifikatu eta 67 ibilgailu antzeman zituzten poliziek herrian, udalak plazaratutako datuen arabera. 

“Konfinamendu arauak haustea” leporatzen diete udaltzainek isundutako herritarrei. Baina bizilagun batzuek zalantzan jarri dute polizien jokabidea. Iragan apirilaren 14an zazpi lagun inguru bildu ziren udaletxearen aurrean. Alkatearekin hitz egin nahi zuten udaltzainen partetik jasotzen ari ziren “presio etengabearen” inguruan. Gobernuburua etxetik lan egiten dago konfinamendua hasi zenetik eta, beraz, ez zuten berarekin biltzerik izan. Hori bai, udaltzain ugarik jo zuten bizilagunengana, eta gogor eztabaidatu zuten. 

Perfil eta adin ezberdinetako pertsonak ziren udaletxera bertaratu zirenak, baina guztiek zuten gauza bat komunean: txakurrak dituztela. 

Aiaraldea hedabideak bizilagun horietako seirekin hitz egin du. Azaldu dutenez, “betidanik” existitu dira talkak Udaltzaingoaren eta txakurren jabeen artean, animaliak solte eramateagatik batik bat. “Baina konfinamendua hasi zenetik pila bat areagotu da jazarpena”, salatu dute bizilagunek. 

Salatu dutenez, bi arrazoiengatik gelditu ohi dituzte: txakurrak solte izateagatik edo txakurrarekin kalean “denbora gehiegi” egoteagatik. Lehen kontuari dagokionez, honakoa argudiatu dute bizilagunek: “Txakur askok aske egon behar dute kaka edo txiza egiteko, txakur mota edo arrazaren araberakoa izan ohi da hori. Txakur guztien behar fisiologikoak ez dira berdinak”. 

Txakurren jabeen ustez, arazoa ez da konfinamendu egoerara mugatzen. “Txakur andana dago Laudion, baina eurentzako espazio bakarra dago herrian, 300 metro karratukoa. Txakurren jabeen artean 'Guantanamo' gisa ezagutzen dugu. Ez du zentzurik Ugarten bizi den bizilagun batek Latiorroraino joan behar izatea txakurra aske uzteko. Txakurra edo jabea nagusia bada, gainera, ez du zentzurik horraino igotzeak”. Horregatik, bizilagunetako batzuek uste dut udala legea urratzen ari dela, “legeak mota horretako espazioak sortu behar direla esaten duelako”. 

Isunak 
Elkarrizketatutako herritarretako batek behin baino gehiagotan jaso ditu isunak txakurrak solte eramateagatik. “Hiru txakur ditut. Gauzak hala, isunak hirunaka ezartzen dizkidate. 'Villosako parkean' utzi ohi ditut aske,eta azken aldian minutu bat baino ez neraman bertan udaltzainak iritsi zirenean, eta txakurrak metro batera nituen. NANa hartu zidaten eta esku batetik bestera pasatzen egon ziren euren artean. Jazartzen ari nindutela esan nien eta eurek honakoa erantzun zidaten: 'Horretan gaude'. Isuna zenbatekoa izango zen galdetzen nien eta galdetzen jarraitzen banuen mozal legea ezarriko zidatela esan zidaten. Etxera joateko esan zidaten, bertan minutu bat soilik neramanean, bestela mozal legea ezarriko zidatelako. Etxera iristean txakurrek kaka egin zuten etxean, kanpoan denborarik eman ez zielako”. 


“Laguntza sozial bat jasotzen dut, eta udaltzainak nitaz trufa egitera iritsi dira, laguntza galduko nuela iradokiz”


Oraindik ez zaizkio isunak iritsi, baina iristen zaizkionean autoa saldu beharko duela uste du bizilagunak, “dirutza baita ordainaraziko didatena”. Noizbait Laudiotik joan beharko duela uste du, “jazarpen honekin amaitzeko eta nire animaliez gozatzeko. Egunak daramatzat lo egin gabe, ez dudalako irtenbiderik ikusten. Egin dudan delitu bakarra animaliak gustuko izatea da. Konfinamendua baino lehen mendira joaten nintzen txakurrekin, baina orain ezin da. Txakurrak aske izateko espazio publiko bakarra Latiorron dago, eta beste auzokook ezin dugu bertaraino joan alarma egoeran”. 

Polizien jarrera gogor salatu du: “Laguntza sozial bat jasotzen dut, eta udaltzainak nitaz trufa egitera iritsi dira, laguntza galduko nuela iradokiz”. Bizilagun horrek argi du: “Udala ez da txakurrekiko dituen betebeharrak egiten ari eta dirua irabazten ari da isunen kontura. Gainera, txakurra egun osoan lotuta edo etxean baduzu animaliari tratu txarrak ematen ari dizkiozu, eta hori ere delitua da”. 

130 metrora, delitua
Beste bizilagun batek, aldiz, honakoa kontatu du: “Lamuza parkera eramaten dut txakurra beti txiza eta kaka egin ditzan. Parkea nire etxetik 130 metrora dago, baina aurreko egunean udaltzainek esan zidaten Lamuza plazako berdeguneetara eraman behar nuela. Nik ezetz esan nien, bertan txakurrek kaka egitea debekatua dagoelako”. Eztabaida bere horretan geratu zen, baina handik egun batzuetara udaltzain berdinek gelditu zuten. “Aurreko egunean esan zidatena gogoratzen ez ote nuen esan zidaten. Eztabaidatzen egon ginen eta, gero, autoan joan zirenean, isuna iritsiko zitzaidala esan zidaten”.

Bizilagun horrek ere argi dauka: konfinamendua arautzen duen dekretuak ez du txakurrak ateratzeko orduan ibili daitekeen metro kopurua zehazten. “Paseo laburrak izan behar direla dio, baina hori baino ez. Nola bururatzen zaie udaltzainei legea nahieran aplikatzea? Eurak lehen dibisioko pertsonak eta gu hirugarrenekoak izango bagina bezala tratatzen gaituzte. Buruan sartu behar zaie animaliak legez babestuak daudela, ez direla apaingarriak”. 

Hala ere, bizilagunek nabarmendu dute arazoak udaltzain batzuek soilik dituztela. “Nik baditut lagun udaltzainak, eta orain arte ez dut inoiz arazorik izan poliziarekin, ez nago euren aurka”, nabarmendu du hiru txakur dituen herritarrak. 


Laudioko udaltzainen jarrera salatu duten bizilagunek oso irizpide eta jokatzeko modu ezberdinak ikusi dituzte polizia batetik bestera


“Mozal legea” baliatuta
Udaltzaingoak Herritarren Segurtasunerako Legea “Mozal legea” bezala ezagutzen dena baliatu du konfinamendua urratzeagatik jarritako salaketak tramitatzeko, udalak berak jakinarazi duenez. 

Lege hori baliatuta 601 eta 30.000 euro bitarteko isunak jarri ditzakete poliziek, herritarrei “desobedientzia” leporatuta. 

Lege horrek poliziari ematen dio herritarra zigortzeko eskumen osoa. Hau da, bera da herritarra delitu bat egiten dagoen edo ez ebatzi eta horren araberako isuna ezartzen diona, epaiketarik gabe. 

Baina Laudioko udaltzainen jarrera salatu duten bizilagunek oso irizpide eta jokatzeko modu ezberdinak ikusi dituzte polizia batetik bestera. “Batzuk arrazoia eman digute Lamuza parkeko txakurrentzako gunean txakurra aske izan dezakegula esan diegunean. Beste batzuek, aldiz, isuna jarri nahi izan digute”. 

Herritarraren perfilak ere eragina duela nabarmendu dute: “Ez da berdina pertsona edadetua bazara edo gaztea, oso jokamolde ezberdinak ikusi ditugu kasu batetik bestera”. Gazte batek honakoa kontatu du: “Udaltzainek bederatzi aldiz gelditu naute jada. Behin kontra-argudio bat eman nien eta berehala mehatxatu ninduten mozal legea ezartzearekin”. 

 

Udalak nabarmendu du ezarritako isunak behar bezala justifikatuak daudela, animalien ordenantza ez betetzeagatik jarri direla argudiatuta

 


Udalaren erantzuna
Aiaraldea hedabidea udalarekin harremanetan jarri da gaiaz galdetzeko. Tokiko erakundeak erantzun du, Udaltzaingoaren arabera, jarritako zigorrak behar bezala justifikatu direla. “Animalien ordenantza ez betetzeagatik ezarri dira. Txakurrak lotuta ez eramateagatik, hain zuzen ere. Udal-araudiak justifikatzen ditu isun horiek”.

Bestelako kasuak
Txakurren jabeek soilik ez, bestelako herritarrek ere izan dituzte talkak udaltzainekin. Horietako batek hala kontatu du: “Ni eta nire lagun bati gelditu gintuzten Eroskitik ateratzen ari ginela. Segurtasun distantzia ez betetzea leporatu ziguten lehenbizi, egia ez zen arren. Erosketak gainetik begiratu zizkiguten gero, eta poltsetan genituen produktuak 'funtsezko elikagaiak' ez zirela esan ziguten. Identifikatu gintuzten, mozal legearekin isuna ezartzeko”. Tratua oso txarra izan zela nabarmendu du bizilagunak, eta argi du gauza bat: aurretik ezagutzen zituztelako gelditu zituztela. “Irizpide politikoak erabiltzen dituzte jendea gelditzeko, besteak beste”. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide