Espainiako Gobernuko Presidenteak, Pedro Sanchezek, normaltasunera bueltatzeko trantsizio faseak azaldu ditu gaur arratsaldean emandako prentsaurreko batean. Lau fasetan banatuko da eta “asimetrikoa” izango dela zehaztu du, nahiz eta ez duen momentuz epe finkorik ezarri (emandako datak mugitu ahalko direla esan du). Dena den, prozesu hau abiadura desberdinetan egingo da, lurralde bakoitzaren egoeraren arabera. Fase bakoitzak bi asteko gutxieneko iraupena izango du. Era berean, Alarma Egoera beste 15 egun luzatzeko asmoa adierazi du Sanchezek.
Lehenengo fasean (0 fasea), pasa den larunbatean aurreratu zenez, banakako kirola egiteko aukera irekiko da, eta kirolari profesionalei banakako entrenamenduetara bueltatzeko aukera emango zaie. Gainera, ekonomiaren “zirrikitu txiki batzuk” ere irekiko dira, hainbat motatako negozio txikiak ireki ahalko baitira, betiere aurretiko zita eskatuz.
Hau gainditzean, bigarren fasea ahalbidetuko da. Honetan, lurralde bakoitzak komertzio txikiaren irekiera partziala erregulatzeko aukera izango du, betiere segurtasun neurriak bermatuta. Komertzio txiki horretan 65 urtetik gorakoentzako “lehentasunezko ordutegia” bermatuko da. Hotelak eta ostalaritza turistikoko enpresak ere irekiko dira, nahiz eta zonalde komunak itxita mantenduko diren. Kirol liga profesionaletan entrenamenduak berriz hasiko dira, eta garraio publikoan maskaren erabilera gomendatzen jarraituko da. Gurtze tokiak ireki ahalko dira, % 30eko gehienezko okupazioarekin. Zentro komertzial handiek, aldiz, denbora gehiago itxaron beharko dute oraindik.
Bigarren hau gainditzean, hirugarren fasearen ordua helduko da. Orduan, mugikortasun murrizketak erlaxatzen joango direla esan du Presidenteak. Leku mugapenak ere txikituko dira, baina pertsonen arteko distantzia mantentzea exijituko da oraindik. Zinemak, hondartzak eta antzerkiak irekiko dira, aipatutako mugapenak mantenduta.
Laugarren fasea “normaltasun berria” izango da, pandemiaren aurretiko bizimodua txertoa lortu arte ez baita bueltatuko, Sanchezen esanetan. Honetan, "mugikortasun orokorra" malguagoa egingo da, nahiz eta garraio publikoan maskarak erabiltzeko gomendapenak jarraituko duen. Komertzioetako gehieneko aforoa % 50era mugatuko da, pertsonen arteko bi metro bermatuta. Taberna eta jatetxeetako baldintzak ez dira oraindik zehaztu, baina malgutzea ere espero da.
0. fasea datorren maiatzaren 4an ezarriko da Euskal Autonomi Erkidegoan. Dena den, maiatzaren 11tik aurrera, “baldintzak betetzen dituzten probintzia guztiak bigarren fasera pasatuko dira zuzen-zuzenean”. Nahiz eta normaltasun berri horretara ekainaren amaieran heltzea espero den, Sanchezek ez du momentuz egutegi zehatzik aurreratu nahi izan, probintzia bakoitzeko kasua aztertu beharko baita. Epe horiek lurralde bakoitzeko osasun sistemaren eta egoera epidemologikoaren araberakoak izango dira.