Atzo, besteak beste, nagusien egoitzetan eta osasun sistemako zenbait profesionalen artean egin zituzten koronabirusari lotutako testak eta horrek, ziurrenik, zer esan handia izan du Osakidetzak argitaratutako datuekin. Dena den, horrek ez du esan nahi kasuak nagusien egoitzetan izan direnik. Esaterako, Laudioko nagusien egoitzan atzo analisi guztiak negatiboak izan ziren.
Izan ere, astelehenean osasun sistema publikoak ez zuen positibo berririk topatu Aiaraldean, baina atzo diagnosi berrien kopurua 51ekoa izan zen. Egun batetik bestera zenbaketa 260 kutsatutik 311ra egin du salto, eta pandemia osoko gaixoen kopurua %19,61 igo da.
Positibo gehienak Aiaran izan dira; 33. Udalerria 35. kokatu da EAEko herri kutsatuenen zerrendan. Hori dela medio, eskualdeko tokirik kaltetuena da, momentuz, populazioaren eta gaixoen kopurua aintzat hartuta, %1,96ak baitauka birusa.
Kasuei erreparatuta, ordea, pandemia Laudion zabaldu da gehien, 112 lagunekin, astelehenean baino 8 gehiago. Amurriok 79 gaixo ditu, 6 gehiago eta Urduña, 2 gehiagorekin, 28ra heldu da. Artziniegak ere beste bi positibo ditu eta 11 dira guztira.
Atzoko kopuruarekin marka berria ezarri da kasu berriei dagokienez. Apirilaren 2an 20 izan ziren, atzoko 51tik oso urrun. Edonola ere, nabarmendu beharra dago toki eta esparru kritikoetan ekin diola Osakidetzak probak egiteari eta hori dela, seguruekin, hazkundearen arrazoia.