ERREPORTAJEA

Bi hilabete etxean eman eta gero, zer?

Julen Solaun Martinez 2020ko mai. 1a, 07:00

Kaleetara irtetzen hasteko garaia hasiko da pixkanaka-pikanaka. / Josu Eizagirre Olea

Konfinamendua nolakoa izan den eta etxetik ateratzean zer bizipen izango ditugun azaldu dute Lourdes Relloso psikologoak eta Maria Isabel Garcia Asasameko zuzendaritza-batzordeko kideak. Perspektiba psikologikotik eta genero ikuspegitik hitz egin dute, hurrenez hurren.

Gogorra da ia bi hilabete etxetik atera gabe egotea, baina maiatzean konfinamendua malgutu ahala, zer motatako bizipenak izango ditugu kalera berriz ere bueltatzean? Lourdes Relloso psikologoaren arabera, egoera psikologikoak hobera egingo du orokorrean, baina hainbat ñabardurekin. Esaterako, ez da berdina izango aurretik arazo psikologikoak dituzten pertsonentzako, ezta familiar bat galdu dutenentzako ere.

Bestalde, Rellosok erabat argi daukana da gehiengoak ez duela askorik ikasiko berrogeialdiaren egoera berri honetatik: “Susto bat hartu dugunez, denbora batez desberdin jardungo gara, baina beti izan garena izatera bueltatuko gara. Oso humanoak ez ziren pertsonak ez dira bat-batean humanoagoak bihurtuko koronabirusa dela eta”.

Dena den, bizitza ekonomiko eta soziala bat-batean gelditu behar izateak, pertsona askori dutena baloratzeko eta ikusteko aukera emango die, psikologoaren ustez: denbora librea, lasaitasuna edota familiarekin batera denbora gehiago inbertitu beharra, adibidez. “Baliteke pertsona horiek aldaketak egitea erabakitzea, hainbeste estres jasan gabe gauza asko egin ahal direla konprobatu baitute askok”.

Beste pertsona batzuei konfinamenduak lasaitasuna eman die hainbat astez: klasean edo lanean jazarpen edo presioa jasotzen zutenek arnasa hartu dute, baita hainbat fobia mota dituztenek ere. Hala ere, Rellosoren arabera, ohiko errutinara bueltatzea mingarria izango da haientzako. “Haien egoera txarragora joango da denbora luzea eman dutelako esperientzia txar hori izan gabe”, zehaztudu psikologoak.

Familian edo inguruan hildakorik izan dutenek, dolu prozesu gogorra bizi beharko dute, ezin izan baitute maite zuten pertsona hori agurtu, ezta senideekin batera mina igaro. Baliteke “erru” sentsazioa ere izatea. “Maite genituen pertsona horiekin pasatako azken uneak baitira gehien kontsolatzeko balio dutenak”.

Antzeko egoeran egongo dira medikuak, erizainak eta epe honetan zehar estres handia jasan behar izan duten langileak, estres postraumatikoa izateko aukera asko izango dute. Antsietatea, motibazio falta eta apatia bezalako sintomak esperimentatuko dituzte, ez baitute izan bizitako guztiak “gainditzeko” adina denbora. Beraz, haien egoera lasaitasunera bueltatu ahala, iraganeko esperientzia mingarriak etorriko zaizkie burura.

Era berean, Rellosok nabarmendu du litekeena dela hainbat motatako nahasmen obsesiboak dituzten pertsonek txarrera egitea. “Jokaera obsesibo hori izateko arrazoi bat izango dute” eta Gobernutik gomendatuko digutena baino askoz ere babes sistema gogorragoa ezarriko dute. Gainera, pertsona batengan horrelako beldurra ikusteak inguruko pertsonetan ere ezinegona sortzeko arriskua dago, tentsio eta ezatsegintasun sentsazioa sortuz.

Hortaz, ezagunekiko hasierako kontaktua neurtzea gomendatzen du Rellosok. Ulergarria da hainbeste denbora igaro eta gero kontaktu fisikoa bilatzea, baina beste pertsonari ea gertutasun hori nahi duen ala ez galdetzea da gomendagarriena. Ezezkoa jasotzean “erantzun negatiboa” ekiditea eskatu du psikologoak, norberaren erritmoa eta nahiak errespetatzea baita jokabide gomendagarriena.

Emakumeak eta konfinamendua
Maria Isabel Garcia Asasameko zuzendaritza-batzordeko kideak genero perspektibatik aztertu du konfinamendua. Nahiz eta Asasameko kide gehienek berrogeialdia “ondo eramaten” ari direla aitortu (hainbat motatako ariketak eta elkarteko jarraipen telematikoa baliatuta), “kasu puntualak” ere egon dira, berebiziko zailtasunak izanda.

Bere ustez, buru osasuneko arazoak dituzten emakumeak izaten ari dira kaltetuenak, “tradizionalki ikusezina izan den” sektorea osatzen dutelako. Haien aitortzan eta atentzioan dauden “sistemaren gabeziak” argi geratu direla ziurtatzen du Garciak, “hain zuzen laguntza gehien behar den unean”. Hori dela eta, “berebiziko atentzioa” eskatu du haientzat, egoera honek haiengan inpaktu bortitzegia izan ez dezan.

Abusuzko erlazioetan dauden emakumeak erasotzailearekin egun osoan zehar bizi behar izan dira, haien egonkortasun emozionala eta osasun mentala kaltetuz. Gainera, Garciak adierazi du buru osasuneko arazoak izan dituzten emakumeek ohikoa baino problema gehiago dituztela indarkeria matxista edo beste edozein familia barneko biolentzia jasaterako orduan, eta nabarmendu du emakumeekiko babes sistemak kaltetu eta ahuldu dituela konfinamenduak.

Gainera, lan egoerari dagokionez, Garciak azpimarratu du kanporaketa eta enplegua erregulatzeko espediente gehiago eman direla emakumeen artean gizonen artean baino. "Horrelako kasu gehiago eman izan dira elikadura, hezkuntza eta etxeko zaintza bezalako sektoreetan, non emakume gehiago dauden, industrian baino, non gizon kopurua handiagoa den”.

Konfinamenduaren amaierari dagokionez, “oso positiboki” baloratu du Garciak egoera, nahiz eta uste duen buru osasunaren arloan laguntza beharko duten pertsona asko egongo direla, “haien egoeraren arabera, edo berrogeialdia nola pasatu duten kontuan hartuta”. Horren harira, Asasameko kideak uste du egoera honek euren buruak hobeto ezagutzen lagunduko diela pertsona askori.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide