COVID-19 birusak dena aldatu duela edo aldatuko duela entzuten ari gara azken aldian han hemen: harremantzeko moduak, lan egitekoa, zaintza ardurak banatzekoa... Krisi garai guztiak aldaketarako abagune egokia direla esan ohi da, eta Aiaraldea Ekintzen Faktoriako lagunak ere iritzi horretakoak dira. "Etxean itxita egon garen aldi gogor hau gure kontsumo ohiturak aztertu eta aldatzeko baliatu beharko genuke, abiapuntu berri bat jartzeko" adierazi du Gartzen Garaiok, Ekonomatua proiektuko sustatzaileetako batek.
Besteak beste, elikadura burujabetza eskualdean sustatzea du xede Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak; eta, horretarako, Gardean kokatuko den Faktorian denda fisikoa irekitzeko asmoa dute: Ekonomatua.
Denda, tokiko produktu ekologikoak eskualdean sustatzeko tresna izango dela azaldu du Garaiok, "baina birusak obra lanak ere gelditu ditu, eta oraindik ez dakigu Faktoriako obra udazkenerako bukatu ahalko dugun".
Eusko Jaurlaritzak azokak debekatzeko agindua ematearen ondotik hartu zuen forma online denda irekitzeko asmoak: "Ekoizle txiki ugari bere ekoizpena merkaturatzeko bide gabe gelditu zen; arkumeak, gaztak, txakolina, txerrikiak, barazkiak...".
Agintariek lehen sektorea eta ekoizle txikiak bazterrean utzi izana salatu du Garaiok: "Supermerkatuetara den-dena erostera bideratu nahi izan gaituzte, ordutegiak malgutu, etengabe doako publizitatea komunikabide publikoetan, haurrak etxetik ateratzeko modu bakar bezala aurkeztu... Non geratzen da tokian-toki kontsumitzearen aldeko aldarria?".
Horiek horrela, Faktoriako bazkideei zerbitzua ematen zien webgunea (www.ekonomatua.eus) herritar guztiei irekitzea erabaki zuen Faktoriak, bai eta arazoak zituzten ekoizle txikiei ere.
Eskaerak astero, etxeraino
Ordutik hona, hilabete eman dute Ekonomatuko arduradunek astero-astero erosketak egiteko aukera eskaintzen: "Astelehenetik igandera egin daitezke webgunean eskaerak, eta hurrengo ostiralean eskatutakoa etxez-etxe banatzen dugu" azaldu du Garaiok. Erosketa eskaera egiten duten herritarrek kreditu txartelarekin ordaindu dezakete eskatutakoa.
Bazkideek, deskontua
Faktoriako bazkideek erosketa guztietan %10eko deskontua dutela nabarmendu du Gartzen Garaiok, "herritar asko proiektura bazkidetu dira online denda zabaldu genuenetik, urtean 50 euroko kuota ordainduta, aurrezki handia delako etxerako erosketa osoa egiten duten familientzat".
Tokiko ekonomia sustatzen
Online dendak erantzun ona izan duela azaldu du Garaiok; "astero bataz-beste 70 saski entregatu ditugu hilabete honetan, eta oso pozik gaude, erosketaren parterik handiena bertako ekoizleena delako, eta horrek tokiko ekonomia indartzen duelako".
ESKAINITAKO PRODUKTUAK
Produktuen %90 dira ekologikoak
ARDO EKOLOGIKO ETA DINAMIKOAK Candido Besa, Aristu, Hazpea, Lezaun, El Mozo, Ulibarri, Gure Ahaleginak, Hontza...
OGIAK ETA GOXOAK Atxandieta Baserria, IZA okindegia, Gastaka pastelak...
FRUITU LEHORRAK Intxaurrak, almendrak, hurrak, anakardoak, pistatxoak, kakahueteak, brasildar intxaurrak...
FRUTA ETA DERIBATUAK Marrubiak, sagarrak, ahuakateak, zukurako laranjak, mangoak, papayak, limoiak, platanoak, marmeladak, fruta-zukuak...
BARAZKIAK Aza gorria, uhazak, azalorea, azenarioak, kuiatxoak, alberjiniak, babak, endibiak, ilarrak, brokolia, patatak, erremolatxa entsalada poltsak, tipulinak, zerbak, shiitakea, barazki kontserbak eta kremak...
HARAGIKIAK Behi-okela, txarrikiak, arkumeak, oilo hanburgesak, oilo salda, odolosteak...
HAURRENTZAKO JOSTAILUAK Grapat markako jostailu pedagogikoak
ARRAUTZAK ETA ESNEKIAK Arrautzak, esne freskoa, behi-jogurtak, kefirra, ahuntz-esnekiak...
GARBIKARI EKOLOGIKOAK Arroparako garbikaria, lurrerakoa, komunerakoa, baxera garbitzekoak, zakar-poltsa konpostagarriak, komuneko papera...
LEKALEAK Indaba gorriak, garbantzuak, dilistak, indaba zuriak...
ZEKALEAK Arroz osoa, integrala, pasta osoa, integrala, spaghettiak, cous-cousa, oloa-malutak, kinoa, gosaritarako zerealak...
AZUKREAK ETA EZTIA Kaina-azukrea, panela, koko azukrea, hur-krema, basoko eztia, mendikoa...
IRINAK Arto irina, gariarena, espelta irina...
OLIOA ETA GATZAK Añanako Gatzak, Leintz-Gatzagakoak, Nafarroako oliba olio ekologikoa...
GAZTAK Ardi gaztak, ahuntz gaztak, behi esnez egindakoak (Karobia, Ziorregui, Ibarrola, Vista Alegre eta Ugala gaztandegiak)...
LANDAREAK ETA ONGARRIAK Garaiko barazki landareak, zohikatza, konposta...
GARAGARDO ARTISAUAK Baias, Laugar eta Candals garagardoak (IPA, EPA, Ambar, beltza...)...
PRODUKTU BARAZKIJALEAK Seitana, tofua, humusa, soja testurizatua...
Ekoizleak
Oilobide (Urduña)
Oleta Baserria (Laudio)
Jon Lekanda (Laudio)
Alberto Camino (Laudio)
Arteako Benta (Artea)
Olako negutegiak (Laudio)
Tologorri (Urduña)
Ekotalo (Urduña-Alkiza)
Zizare-enea (Zeberio)
Ana Mari harategia (Laudio)
Itxinapeko okela (Orozko)
Urigoitiko txorizoak (Orozko)
Atxandieta baserria (Laudio)
Koldo Ortiz de Ginea (Artaza)
Añanako gatza (Gesaltza)
Leintz-gatzagako gatza
Gure Ahaleginak (Urduña)
Vista Alegre (Karrantza)
Ugala gaztandegia (Zaballa)
Karogia gaztandegia (Inoso)
Ibarrola gaztandegia (Aiara)
Ziorregi gaztandegia (Inoso)
Delika2 shiitakea (Delika)
Istrupiza eztia (Ziorraga)
Iza okindegia (Orozko)
Gastaka pastelak (Orozko)
Candals garagardoak (Laudio)
Baias garagardoak (Oiardo)
Laugar garagardoak (Mungia)
Barañano likoreak (Amurrio)
Garbilabel (Laudio)
Zuaitzo (Gasteiz)
Martinelli pasta (Nafarroa)
El Alcaravan (Nafarroa)
Iturri kontserbak (Nafarroa)
Candido Besa (Eskuernaga)
Biba Ardoak (EH)
Asturcilla (Asturias)
Gumendi (Nafarroa)
Ekolo (Nafarroa)
Bioartesa (Granada)
Joguines Grapat (Girona)