Bertan behera geratuko dira aurtengo Amurrioko eta Laudioko jaiak, bi udalek ohar bateratu batean adierazi dutenez. Osasun agintariek eta Eudelek emandako gomendioak jarraituta, biztanleentzako behar adina segurtasun bermatzea ezinezkoa dela ikusi dute eta jaiak aurtengo egutegitik kentzea erabaki dute.
Dena den, COVID-19ak sortutako testuingurura egokitzen den kultura eta aisialdi programa alternatiboa lantzen ari dira jada bi instituzioetatik, Josune Irabien eta Ander Añibarro alkateek jakinarazi dutenez. Ekintza horiek, halabeharrez, formatu txikikoak izango dira kutsadurak sortzeko aukerak murrizteko: “Kale-animazioa, antzerkia, musika eta abar, betiere edukiera mugatzeko neurriak hartuta, eserita, sarbideak kontrolatuta eta pilaketak saihestuz”.
Jaiak urtero antolatzen laguntzen duten elkarte eta pertsonei ere aipamena egin nahi izan die Añibarrok, Udalaren eta haien arteko kolaborazioa azpimarratuta: “Gure jaiak batzarraren, koadrilen, partekatzearen eta auzokoen lankidetzaren sinonimoak dira, baina gaur egun, zoritxarrez, pentsaezina da beti bezala bizi ahal izatea. Jende-pilaketak sor ditzaketen edo beharrezko segurtasun eta higiene neurriak mantendu ezin dituzten ekintzak ekidin behar ditugu”.
Noski, ospakizunak bertan behera geratu izanak bi udalentzako aurrezte ekonomikoa eragingo du, eta lehentasunezkoak diren beste behar batzuetan inbertituko dute diru hori, zehaztu dutenez: “besteak beste, gizarte-zerbitzuetara edo merkataritzako eta ostalaritzako laguntza-poltsetara bideratuko da dirua”.
Irabienek helburu ekonomiko nagusia herriko ekonomia berrindartzea izango dela erantsi du: “Jaiak, garrantzi sozial handiko garaia izateaz gain, motor ekonomiko bat dira; horregatik ospakizunak garatzeko finkatutako aurrekontua tokiko ekonomia suspertzeko erabilikoa da”. Horen harira, Amurrioko alkateak “berrasmatzen” saiatuko direla esan du, eta San Prudentzioko danborrada jarri du eredutzat, zeinetan herritarren danborrada ospatzeko aukera izan zuten, balkoietatik.
Segurtasun gomendioak
Aipatu bezala, Eudeletik hainbat neurri finkatu dituzte aurten herritarren arteko segurtasuna bermatzeko helburuarekin. Honakoak izan dira populazioari eta antolatzaileei igorritako gomendapen batzuk: “Ekintzetako edukiera murriztea, distantzia soziala mantentzea, sarbideak kontrolatzea eta datozen hilabeteetan ekitaldi ez-jendetsuak egitea”. Era berean, Osasun Publikoak aire zabaleko jarduerak eta hiriko ekitaldi jendetsuak egiteko espazio publikoko aukerak mugatu ditu.
Eskualdean, esaterako, antzeko neurriak hartu behar izan zituzten maiatzaren hasieran Urduñako Otxomaio jaietan, Alarma Egoera dela eta haien etxeetatik jarraitu behar izan baitzituzten jaiak herritarrek.
Eskualdeko jaiekin, zer?
Aretako Jai Batzordeak sare sozialen bidez iragarri du festak ez dituztela egingo. Aiaran, aldiz, uda sasoian ospatzen dira herri txikietako jai gehienak.
Gentza Alamillo alkateak ohartarazi duenez, neurriak ezagutzean zehaztuko dute planteamendua, "hala ere, Udalak ez ditu jarduerak antolatzen, herrietako administrazioena da eskumena".
Informazio gehiago jaso ahala eguneratuko da albistea.