ANALISIA

Langabeziak gora egin du herri guztietan

Txabi Alvarado Bañares 2020ko mai. 20a, 22:00

Lanbideren Laudioko bulegoaren irudia. / Aiaraldea.eus

Koronabirusaren krisiaren ondorioz, gora egin du langabeziak Hego Euskal Herrian, Gaindegiak bildutako datuen arabera. Aiaraldea ez da salbuespena izan: eskualdeko herri guztietan igo da langabe kopurua azken hilabeteetan. Horrez gain, enpresa askotan ezarri dituzte Enplegua Erregulatzeko Aldi Baterako Espedienteak. 

COVID-19 pandemiak eragin zuzena izan du eskualdeko egoera ekonomikoan. Gaindegiak bildutako datuen arabera, langabeziak gora egin du Euskal Herriko ia herri guztietan, azken bost urteetako joera positiboa apurtuta. Martxoan eman zen aldaketa: aurreko hilabetean baino 14.364 langabe gehiago erregistratu ziren Hego Euskal Herrian. Apirilean, aldiz, 13.507 gehiago batu ziren.

Gizarte segurantzako afiliazioan ere nabaritu da koronabirusaren eragina. Espainiako Gobernuaren arabera,  Gizarte Segurantzak 34.000 kotizatzaile galdu zituen martxoko azken bi asteetan. 

Aiaraldeko datuak
Aiaraldea ez da salbuespena izan. Urtarriletik otsailera bitarteko datuetan joera positiboaren zantzuak mantentzen ziren oraindik, baina martxotik aurrera eskualdeko herri guztietan egin du gora langabeziak. Amurriok 719 langabe zituen urtarrilean, 699 otsailean, 778 martxoan eta 830 apirilean. Laudion, aldiz, 1.143 langabe zeuden urteko lehen hilabetean, 1.156 bigarrenean, 1.229 hirugarrenean eta 1.343 laugarrenean. 

Artziniegan ere gora egin du langabe kopuruak. Urtarrilean 97 ziren; apirilean, aldiz, 108 kontabilizatu ziren. Aiaran 119 langabe zeuden urte hasieran, baina apirilean 132 ziren. Okondon 63tik 78ra pasa da kopurua, Arrankudiaga-Zollon 36tik 47ra, Urduñan 123tik 135ra 

Arakaldo eta Orozkoko aldaketak izan dira leunenak: bi herrietan langabe kopuru berdinak kontabilizatu ziren urtarril zein apirilean (11 eta 53, hurrenez hurren). Hala ere, kontuan hartu behar da otsailean  Orozkoko langabe kopurua 47ra jaitsi zela eta Arakaldon 9 kontabilizatu zirela hilabete berean. 

 

2.737 langabe erregistratu ziren apirilean eskualdean, eta horien %56 emakumeak ziren

 

Emakume gehiago
Datuei erreparatuta, beste ondorio esanguratsu bat ere atera daiteke: langabeziak emakumeei gizonei baino gehiago eragin diela. Herri guztietan errepikatzen den fenomenoa da, salbuespenik gabe: apirileko datuen arabera, Artziniegan 60 emakume eta 48 gizon daude langabezian. Aiaran 84 eta 48 dira (hurrenez hurren), Okondon 48 eta 30, Laudion 774 eta 569, Amurrion 454 eta 376, Urduñan 71 eta 64, Arrankudiaga-Zollon 29 eta 18, Orozkon 27 eta 26 eta Arakaldon 6 eta 5. Hau da, eskualdean dauden 2.737 langabeetatik 1.553 dira emakumeak, hau da, %56. 

Enplegu espedienteak
Hala ere, zifra hauek ikusterako orduan kontuan hartu behar da enpresa askok Enplegua Erregulatzeko Aldi Baterako Espedienteak jarri dituztela abian. Eskualdeko lantegi nagusietan (Tubos Reunidos, Guardian edota Tubacexen, adibidez) jarri dituzte abian horrelako espedienteak. Gauzak hala, jende askoren lan jarduna murriztu da, baina langabeziara pasa gabe. 

Gainera, kontuan izan behar da Espainiako Gobernuak koronabirusaren ondorioz jendea kaleratzeko debekua ezarri zuela. Ikusteke dago zer gertatuko den alarma egoera eta konfinamendua bertan behera geratzen direnean. 

Gauzak hala, datozen hilabeteetako datu eta bilakaerak berebizikoak izango dira oraindik iristear dagoen krisi sozio-ekonomikoaren tamainaz jabetzeko. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide