AMIANTOA

Aceroseko langile batek lanean amiantoa arnasteagatik garatu du minbizia, epaitegiak ebatzi duenez

Txabi Alvarado Bañares 2020ko mai. 21a, 14:36

Honakoa ez da Asviamiek Gizarte Segurantzaren jarrera salatzen duen lehen aldia. Behean, Aceros de Llodioren irudi bat.

Arabako Gizarte Segurantzak ezgaitasuna ukatu zion beharginari, baina orain epaileak bertan behera utzi du erakundearen erabakia, Asviamie Aiaraldea elkarteak salatu duenez. 

Aceroseko langile batek beharrean amiantoa arnasteagatik du minbizia. Hala ebatzi du Gasteizko lan-arloko epaitegiak.

Epailearen arabera, Simón A. CH. behargin ohiak amiantoa arnastu zuen Aceros de Llodio eta Basauriko Sidenor enpresetan lan egiten zegoenean, eta horrek sortu zion birikietako mesotelioma.

Lehen lantegian 1970tik 1992ra bitartean egon zen lanean, eta ondoren joan zen Basaurira, 2011. urtera arte. Fabriketako labeetako tenperaturaren neurgailuak kontrolatzen zituen beharginak, eta tresna horien kableak amiantoz estaliak zeuden. Gainera,lan-eremuan hauts asko zegoen, amianto zuntzak barne. 

Asviamie Aiaraldearen arabera, 2018ko irailean diagnostikatu zioten gaixotasuna beharginari. Bi fabriketan lan egiten eman zituen urteetan ez zuen amiantoaren arriskuaren gaineko informaziorik jaso, ez eta material horretatik babesteko elementurik izan, elkarteak salatu duenez. “Horren erakusle dira Sidenorrek duen sententzia eta kondena andana”.

Gizarte Segurantzaren jarrera
Asviamieko kideek nabarmendu dute Osakidetza eta Osalanen txostenek argi uzten dutela beharginaren gaixotasuna lanean amiantoa arnastearekin erlazionatua zegoela.

Gauzak hala, langileak Ezintasun iraunkorra eskatu zuen Arabako Gizarte Segurantzan. Baina erakunde horrek, “Osakidetza eta Osalanen txostenak mespretxatu” eta langilearen eskaera ukatu zuen, “amiantoarekiko esposizioa” behar beste frogatua ez zegoela argudiatuta. 

Hala ere, sententziak bertan behera uzten du Gizarte Segurantzaren erabakia, langileari Ezintasun Iraunkor Absolutua aitortzen baitio, gehienezko pentsioa jasotzeko eskubidea emanez. 

Asviamieren arabera, gertatutakoak agerian uzten du Gizarte Segurantzaren “jarrera bidegabea”, eta gehitu du ebazpenak kalteak erreklamatzeko aukera ematen duela, enpresak amiantoarekiko “prebentzio neurriak” bete ez zituelako.

Minbizia eragiten duen material horren biktimen elkarteak nabarmendu du urtero 88.000 pertsona hiltzen direla Europan amiantoaren eraginez. ”Horregatik, ezin da onartu administrazioak enpresen arau hausteek eragindako gaixotasunak ezkutatzen jarraitzea”.

Horregaatik, “erantzun sozial” baten beharra nabarmendu du elkarteak, “Gaixotasun Profesionalak ezkutatzera bideratutako praktika honen aurka”.

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide