IDOIA MEAZA ISUSI

“Soldata baxuak eta lehiakortasun handia dira arazo larrienak ikerlarien artean”

Aitor Aspuru Saez 2020ko mai. 26a, 07:00

IDOIA MEAZA ISUSI Louisvilleko (Estatu Batuak) Unibertsitateko farmakologia eta toxikologia sailean dago doktoretza egiten.

Zer ikasi zenuen eta zertan bilakatu zinen aditu? 

Biologiako gradua ikasi nuen Leioan. EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan pare bat urtez ikasle moduan lanean aritu nintzen. Han, ingurumen toxikologian eta lehorreraturiko itsas ugaztunen, gehienbat bale eta izurdeen, laginketetan lanean egon nintzen Urtzi Izagirre PhD irakaslearen zuzendaritzapean. Berak motibatu ninduen ikerkuntzan jarraitzeko eta, ondorioz, “Itsas ingurumena eta baliabideak” Erasmu Mundus masterra ikasi nuen. Master bukaerako tesia itsas ugaztunen toxikologian egin nahi nuen eta horretarako Estatu Batuetara etorri nintzen “Wise Environmental and Genetic Toxicology” laborategira. Ikasketak bukatzean laborategi horretan gelditu nintzen laborategiko laguntzaile moduan eta iragan abuztuan doktoretza programan onartu ninduten. Beraz, zerbaitetan aditua naizela esan beharko banu, metalen toxikologian aditua naizela esango nuke, nahiz eta horretarako asko falta zaidan. 

Non zaude lanean orain? 

Orain doktoregoa egiten nabil “Wise Environmental and Genetic Toxicology” laborategian, Louisville-ko Unibertsitateko Farmakologia eta Toxikologia sailan.

Zer ari zara ikertzen han zehazki?

Sei balentziadun kromo [Cr(VI)] partikulatuak minbizia eragiten du gizakien birikietan eta, bere erabilerak ugariak direnez, oso hedatuta dago ingurumenean. Horren inguruko ikerkuntzarekin lotuta, gure laborategiak bi helburu orokor ditu: Batetik, ingurumeneko kromo mailak aztertzen ditugu, baleak, kaimanak eta itsas dordokak laginduz. Bestetik, mekanismo molekularrak aztertzen ditugu in vitro, gizaki, kaiman, itsas-dordoka eta baleen zeluletan, kromoak minbizia eragiten duen modua hobeto ulertzeko. 

Uste dut farmakologia eta toxikologia sailean nagoenetik, minbiziaren ikerketa bi ikuspuntutatik begira daitekeela ondorioztatu dudala. Ikuspuntu bakoitzak helburu bat duela esan daiteke, izan ere lehenegoaren helburua minbiziaren kontrako farmakoak lortzea den bitartean, bigarrenak minbiziaren jatorria zein den ikertzea eta hori kudeatzea du jomuga. 

Niri bigarren ikuspuntua interesgarriagoa iruditzen zait, ingurumenera ardura gabe isurtzen diren kutsatzaileek kezkatzen nautelako. Ikuspuntu antropozentrikoa alde batera utziz, kutsatzaileek espezie ezberdinetan dituzten efektuak ikertzea premiazkoa dela deritzot. 

Horretaz gain, gure laborategian itsas ugaztunen inguruan egiten ditugun ikerketetan berebiziko interesa dut hainbat arrazoiengatik. Arrazoi horietatik garrantzitsuena gizakion erruz itsas-ugaztun gehienak iraungitze zorian daudela da.

Zergatik zaude atzerrian eta ez Euskal Autonomia Erkidegoan? 

Egia esan, masterra bukatu ondoren EHUko beka eskatu nuen doktoretza egiteko. Prozesuan zehar, gaizki-ulertzeak egon ziren administrazioarekin eta zerrendatik at geratu ginen nahiz eta ikerketa epaimahiak puntuazio altua eman proposaturiko proiektuari. Beraz, Louisvilleko unibertsitatean masterrean hasitako ikerketa proiektuarekin jarraitzea erabaki nuen. Bi herrialdeak ezagututa, Euskal Autonomia Erkidegoan eta AEBn eskaintzen diren aukerak eta zientziaren kalitatea nahiko antzekoak direla uste dut. 

Nire iritziz, arazo larriena doktorego eta post-doktoregoko ikasleen soldatak oso baxuak direla eta zientzian lehiakortasuna handia dagoela da. Imajina ezazu une batez, astero laborategian 60 ordu baino gehiago lanean egon ostean, 1000 eurotara heltzen ez den soldata duzula lau urtez. Lau urteko prozesu horretan zehar, logikoa den bezala, fisikoki eta mentalki suntsitzen gaituztenaren sentimendua dugu eta musutruk gainera.

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide