ANDREA DIAZ TEJEDOR

“Ahal dugun guztia egin behar dugu minbizia desagerrarazteko”

Aitor Aspuru Saez 2020ko mai. 27a, 07:00

ANDREA DIAZ TEJEDOR Salamankako minbiziaren ikerkuntza zentroan dago doktore-tesia egiten.

Zer ikasi zenuen eta zertan bilakatu zinen aditu? 

Biokimika eta Biologia Molekular gradua ikasi nuen EHUn. Gradua amaitu ostean Salamankara etorri nintzen Biozientziak: Minbiziaren biologia eta klinika masterra egiteko. 

Non zaude lanean orain? 

Egun, Salamankako Minbiziaren Ikerkuntza Zentroan (CIC-IBMCC) nago tesi doktorala egiten. Masterra amaitu ostean nire Master Amaierako Lanaren zuzendariak tesia egiteko aukera eskaini zidan eta baietza eman nion. 

Zer ari zara ikertzen han zehazki? 

Bigarren neoplasia hematologiko arruntena gaude ikertzen ikerketa taldean, mieloma anizkoitza deritzona. Zehazki, pazienteen immunitate sistema aktibatzeko estrategiak ikertzen ditugu, immunitate sistema berak minbizia desagertarazi dezan. 

Horrez gain, gure gorputzak kimioterapien aurrean garatzen dituen erresistentzia mekanismoak ikertzen ditugu baita erresistentzia horri aurre egiteko moduak ere.  

Zerk egiten du bereziki interesgarri ikerketa eremu hori? 

Zoritxarrez minbizia eguneroko kontua da. Beraz, ahal dugun guztia egin behar dugu gaixotasuna desagertarazteko. 

Gainera, nahiz eta minbizia oso gaixotasun konplexua izan, minbizi moten artean badaude antzekotasunak. Beraz, bakoitzak bere esparruan egiten duen ikerkuntzak beste minbizi motetan lagundu dezake. 

Zergatik zaude atzerrian eta ez Euskal Autonomia Erkidegoan? 

Esan bazala, Salamancan nago; hainbat masterrei buruz informazioa bilatu ostean Salamankakoa egitea erabaki nuen minbiziarekin zerikusi handiena zuena zelako. 
Baditut lagunak etxean tesia egiten eta lan aukera gehiago dituztela diote Salamankan daudenek, ikerkuntza zentro gehiago baitaude seguru asko; zorionez, gehiago inbertitzen delako.

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide