ERREPORTAJEA

Zipriztindu al ditu baratzeak konfinamenduak?

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko mai. 24a, 07:00

Erein edo landatzeko garaia da maiatza. Berrogeialdiak bete-betean harrapatu du lur prestaketa. Ekoizle eta baratze zaleengan, ordea, nolako eragina izan du etxealdiak? Beñat Ereñok sektoreka bizitako moldaketak kontatu ditu, hazitegi eta negutegiko langilea baita.

Ostiralean -maiatzaren 15ean - izan zen San Isidro eguna, hots, nekazariena. Berrogeialdiak baratzak prestatzeko garaia zeharo baldintzatu du. Batetik, ekoizleek ezin izan dituztelako euren saltokietan landareak eta haziak ohiko moduetan saldu; eta, horrek, ortuak berandu landatzea ekarri du zenbait herritarren kasuetan. Duela gutxi ireki dituzte dendek ateak, eta normalean baino beranduago hasi dira aiaraldearrak baratzak prestatzen, oro har. 

Koronabirusaren eraginez ezarritako neurrien ondorioz, oraintsu eman zaie aukera herritarrei udal ortuetara joateko. Urduñan, Orozkon eta Laudion daude, besteak beste, halako espazioak. 

Lan bikoitza
"Egoera edo esperientzia berezi honetara moldatzea zaila izan da. Lege eta osasun aldetik, informazio eza izan da nagusi, eta tentuz ibili behar izan gara" dio Beñat Ereño Murgako hazitegiko langileak. Familia negozioa dute bertan, eta baratzeak, lorategiak eta antzeko espazioetarako produktuak saltzen dituzte, batik bat. Lan karga handitu zaie, aitortu duenez "lan moduak eta baldintzak egokitu behar izan ditugulako".

 

COVID-19 birusaren eraginez ezarritako neurrien ondorioz, oraintsu eman zaie aukera herritarrei udal ortuetara joateko

 

Osasun psikologikoa
Asko izan dira etxealdian baratzeetara joateko baimena eskuratzeko euren eskubidea aldarrikatu duten pertsonak. Banakako ariketa izanik, apenas biltzen da jendea eremu eta zeregin horietan. Horregatik, debekuetatik kanpo egon beharko litzateke hasieratik, Ereñoren iritziz. "Gainera, osasun psikologikorako oso onuragarria da. Osasun larrialdian hainbat gauza lehenetsi behar dira, baina alde emozionala ere bai. Ortuek eta lorategiek asko laguntzen dute, eta segurtasun baldintzak betetzen dira: gehienbat bakarrik gaudelako eta harremanak ez direlako masifikatzen". 

Gakoa, ordea, planifikazioan dago, haren ustetan, "denbora aurreikusi eta ez luzatzean". Hargatik, ortuan jarri nahi denaren zerrenda osatzeari garrantzitsua deritzo. Izan ere, modu horretan espazioa eta denbora hobeki aprobetxatzen dira: "Garbitasun eta segurtasun neurriak zorrotz aplikatu ditugu sektorean, baina masifikazioak ekiditeko inportantea da planifikazioa. Baita jende gutxi egon daitekeen orduak aukeratzea baratzerako gauzen bila joateko ere".  

Azokak eten behar izan dituzten tartean, etxez etxeko salmenta ugaritu da Aiaraldean ere. Orain, ordea, egoera aldatu da; eta herritarrak bertara daitezke hazitegietara edo asteroko baserritarren azoketara.

Aste honetan, ilgora dela-eta, ereiteko oso garai egokia izango da: porruak, tipulinak, azak, azaloreak, kuiatxoak, lekak, patata, azenarioak, babarrunak... Zerrenda luzea da, baita norbere edo udal lurretan ortua atontzeko dauden aukerak ere.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide