Aiaraldea Ekintzen Faktoriako Ekonomatuak salto garrantzitsua eman berri du. Denda fisikoa ireki zuen atzo Laudioko Abasto plazan (Nerbioi kalea, 6), Aiaraldeko eta inguruko tokiko produktu ekologikoak herritarren eskura jartzeko.
Astean hiru egunez zabalik
Denda ostegun eta ostiraletan egongo da zabalik, 10:00etatik14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Larunbatetan ere egongo da irekita, baina goizeko tartean bakarrik.
Tokiko 45 ekoizleen produktu ekologikoak erosi ahalko dira bertan. 300 produktu baino gehiago daude dendan eskura.
Online eskaerak
Dendan erostez gain, herritarrek aukera izango dute eskaerak online egiteko, astero, Ekonomatua.eus atarian. Igandea izango da horretarako epemuga. Eginiko eskariak hurrengo ostegun-ostiraletan jaso ahalko dira, dendan bertan edo etxean.
