Igotzen jarraitu du langabeziak maiatzean, baina ez aurreko hilabeteetan bezainbeste. Apirilean baino 47 langabe gehiago erregistratu ziren maiatzean Aiaraldean, 2784.
Laudio, Amurrio, Aiara eta Orozkon igo da langabezia. Artziniega, Okondo eta Arrankudiaga-Zollon, aldiz, jaitsi egin da, eta langabe kopuru bera mantendu dute Urduñak eta Arakaldok.
Taula honetan ikusi daiteke udalerri bakoitzeko bilakaera:
Emakume eta gizonen arteko aldeak bere horretan jarraitu du: udalerri guztietan dira langabe gehienak emakumeak. Artziniegan 47 gizon daude langabezian eta 60 emakume. Amurrion 385 eta 461 dira, hurrenez hurren. Aiaran 57 eta 88, Laudion 586 eta 779, Okondon 29 eta 48, Arakaldon 5 eta 6, Arrankudiagan 18 eta 25, Orozkon 27 eta 28, eta Urduñan 62 eta 73.
Eskualdeko joera Araba, Bizkaia eta Gipuzkoakoaren antzekoa da. Euskal Autonomi Erkidegoan apirilean baino 3.072 langabe gehiago erregistratu ziren maiatzean, %2,2ko igoera eraginez langabezia-tasan.
Hala ere, kontuan hartu behar da maiatzeko bigarren hamabostaldian hasi direla saltoki eta taberna asko berriro martxan, eta ehunka langilek enplegua erregulatzeko espedienteetan jarraitzen dutela. Gauzak hala, ekaineko datuak berebizikoak izango dira joera zein izango den jakiteko.