ANALISIA

5.363 langileri aplikatu zaizkie Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedienteak Aiaraldean

Txabi Alvarado Bañares 2020ko mai. 25a, 07:00

Lanbideren Amurrioko egoitza, artxibo irudi batean. / Aiaraldea.eus

Eskualdeko 441 enpresetan aurkeztu dituzte mota horretako espedienteak martxoaren 5etik maiatzaren 20ra bitartean. Biztanleriaren %12,5ari eragin dio olatuak, EAEko bataz bestekoaren gainetik.  

EAEn aurkeztu diren Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedienteen (ABEEE)  datuak aurkeztu ditu Eusko Jaurlaritzak, martxoaren 5etik maiatzaren 20ra bitartekoak. Emaitzak oso esanguratsuak dira: EAEko biztanleria osoaren %9ari eragin dio enplegua erregulatzeko espediente horien olatuak (%20ari Gizarte Segurantzan urtarrilean izena emanda zeudenak soilik kontuan hartzen badira). 26.967 enpresetan aurkeztu dituzte ABEEEak, orotara 195.842 behargini eraginez. 

Aiaraldea, bataz bestekoaren gainetik
Aiaraldean are handiagoa izan da olatua. 441 enpresetan aurkeztu dituzte espedienteak, 5.363 langileri eraginez guztira, biztanleriaren %12,5a. Gauzak hala, EAEko bataz bestekoaren gainetik dago eskualdea. ABEEE gehienak martxoko azken hamabostaldian aurkeztu ziren, hilaren 20, 23 eta 24an batez ere. Ia guztiak “ezinbesteko kausagatik” aplikatu dira (hau da, koronabirusak eragindako egoeragatik); baina egon dira baita ekoizpen arrazoiengatik aurkeztutako bakan batzuk. 

 

441 enpresetan aurkeztu dituzte espedienteak, 5.363 langileri eraginez guztira, biztanleriaren %12,5a. Gauzak hala, EAEko bataz bestekoaren gainetik dago eskualdea

 

Herriz herri
Amurrion jazo da kolpe handiena. 131 enpresetan aurkeztu dira mota horretako espedienteak eta 2.700 pertsonari eragin diete, enpresa horietako langileen %92,4ari. Kontuan izan behar da Tubos Reunidos eta Tubacexen lantegiak udalerriaren barruan daudela eta fabrika horiek direla eskualde osoan langile gehien biltzen dituztenak. 

Laudion enpresa gehiagotan (197) aplikatu dituzte ABEEEak, baina behargin gutxiagori (2.006) eragin diete, enpresa horietako langileen %92,74ari bataz beste. Aiaran 25 enpresa eta 163 langile izan dira guztira (pertsonal guztiaren %92,09). Urduñan 30 eta 80 izan dira hurrenez hurren (%83,33), Arrankudiaga eta Zollon 14 eta 126 (%91,30), Okondon 10 eta 147 (%77,37), Artziniegan 16 eta 62 (%87,32), Orozkon 14 eta 75 (%88,24) eta Arakaldon 4 eta 15 (%93,75). 

 

Espedienteen laurdena baino gehiago ostalaritza sektoreko establezimenduetan aplikatu dira

 

Sektoreka
Enplegu espedienteak sektoreka aztertuta ere ondorio interesgarriak atera daitezke. ABEEE gehienak ostalaritzan aplikatu dira: 87 edari establezimendutan (hau da, tabernetan) eta 40 jatetxe edo janari-postutan. Horrez gain, txikizkako salmentan jarduten duten 54 saltokitan ezarri dituzte espedienteak, 29 ile-apaindegitan eta baita eraikuntzara lotutako 15 enpresetan ere. Turismoaren sektoreak ere pairatu du kolpea: ostatu edo alojamendu zerbitzua eskaintzen duten 14 negoziotan aurkeztu dira enplegu espedienteak. 

Hala ere, espedienteengatik eragindako langile gehienak industria sektorekoak dira. Espediente gutxiago aurkeztu dira sektore horretan, baina langile gehiagori aplikatu zaizkie. Tubacex, Tubos Reunidos eta Aiala Vidrioko espedienteek, adibidez, 1.500 langile baino gehiagori eragin diete guztira. 

Gizonen artean gehiago
ABEEEn datuei erreparatuta, beste ondorio esanguratsu bat ere atera daiteke: espediente gehienak gizonei aplikatu zaizkie. Aiaran %55,21 izan ziren gizonak eta %44,79 emakumeak. Amurrion %79,33 eta %20,67 izan ziren, hurrenez hurren. Laudion %71,34 eta %28,66, Arrankudiagan %60,32 eta %39,68, Okondon %74,83 eta %25,17, Artziniegan %69,35 eta %30,65, Orozkon %58,67 eta %41,33 eta Arakaldon %66,67 eta %33,33. EAEko joera ere hori da: erkidego osoan 84.274 emakumeri eta 110.814 gizoni eragin diete espedienteek. 

Urduña da salbuespen bakarra eskualdean. Bertan aurkeztutako espedienteen %26,25a aplikatu zitzaizkien gizonei eta gainontzeko %73,75a, aldiz, emakumeei. Horren azalpena honakoa izan daiteke: Urduñan industria gutxi dago eta ABEEE gehienak ostalaritzaren sektoreak egin dira. Eskualdeko gainontzeko udalerrietan, aldiz, kolpe handienak lantegi handietan eman dira, eta horrek eragin du gizon eta emakumeen arteko aldea horren nabarmena izatea.

Langabeziak ere gora
Langabeziak ere gora egin du azken hilabeteetan Aiaraldean. Eskualdeko herri guztietan igo da langabe kopurua, azken urteetako beheranzko joera hautsita. Igoera ez da oso handia izan, baina ikusteke dago ABEEEengatik eragindako langileekin zer gertatuko den. Horietako asko euren lanpostuetara itzultzen hasi dira dagoeneko, baina beste batzuk baliteke langabe izatera pasatzea, eta datuak kezkatzeko modukoak dira. Kasu hipotetiko batean, ABEEEan dauden langile guztiak lana galduko balute, eskualdeko langabezia tasa ia hirukoiztu egingo litzateke. Oraindik iristear dagoen krisi ekonomikoaren nolakotasunen araberakoa izango da eragina. 

 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide