Saratxoko saihesbideko obrei eginiko kritikekin bat egin du Orain Amurriok

Txabi Alvarado Bañares 2020ko eka. 18a, 07:00

Saratxoko saihesbidea egiteko aurreikusitakoa baino lur gehiago erabiltzen ari direla salatu dute. / Saratxo Bizirik

Jasangarriagoa eta merkeagoa zen proiektu alternatibo bat aurkeztu zela gogorarazi du talde politikoak. 

Oharra plazaratu du Orain Amurriok Saratxoko saihesbidearen obren inguruan. Saratxo Bizirik plataforma eta herriko administrazio batzarrak eginiko kritikekin bat egin du talde politikoak. “Beti kritikatu dugu Arabako Foru Aldundiak eginiko diseinua”. Talde amurrioarreko kideek azaldu dute obra beharrezkoa dela “errepidean segurtasuna bermatzeko”, baina duen inpaktua oso handia dela gehitu dute, zoru asko okupatu eta diru asko balio duelako. 

Horregatik, Orain Amurrioko kideek hainbat mozio aurkeztu zituzten udalean Arabako Foru Aldundiari proiektua hobetzea eskatzeko, modu horretan obrek lurzoru gutxiago okupatu zezaten, ingurugiroari dagokionez jasangarriagoak izan zitezen, eta gutxiago kostatu zezaten ekonomikoki. Talde politikoak gogoratu du ISVIAL enpresak proiektu alternatibo bat osatu zuela Orain Araba Batzarkide Taldearen enkarguz, Orain Amurrioko kideek eta Saratxoko bizilagunek ere bere osaketan parte hartu zutena gainera.

Gauzak hala, elkartasuna helarazi nahi izan diete Saratxoko bizilagunei. “Bat egiten dugu eurekin kritika eta frustrazioarekin, batez ere bazegoelako jasangarriagoa zen beste alternatiba bat”. Taldeko kideek azaldu dutenez, orain abian dagoen obra proiektuak  78.651 metro koadro erabiltzea aurreikusten du, proiektu alternatiboak  26.951 metro koadro soilik okupatzen zituen bitartean. “Gauzak hala, askoz merkeagoa litzateke proiektua, eta baliabide gehiago bideratu ahalko lirateke bestelako osasun, jendarte edo ekonomia beharretara”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide