Ordubeteko elkarretaratzea deitu du Tubacexeko Langileen Batzordeak ostegun honetarako (ekainak 25) Amurrioko lantegiaren sarreran, 12:00etan. Lanuztea deitu dute 11:00etatik 14:00etara, behargin orok izan dezan deialdira batzeko aukera. Data hori hautatu izana ez da kasualitatea, Tubacexeko zuzendaritzak akziodunen junta deitu baitu egun berean.
Enpresan egondako azken bi kaleratzeak salatzea izango da mobilizazioaren xedea. Enpresa Batzordeko kideek azaldu dutenez, zuzendaritzak jarraipenak egin zizkien kaleratutako langileei, “Enpresa Osasuntsuaren Proiektua” deritzon planaren baitan. Horrez gain, nabarmendu dutenez, azkenaldian zigor ugari ezarri zaizkie hainbat langileri.
Gauzak hala, zuzendaritzak “kaleratzeen bidea” hartu du, langileen ordezkarien esanetan. “Orain bajengatik egiten dute, baina bihar produktibitate baxuagatik, puntualitateagatik edo men ez egiteagatik izan daiteke”.
Mobilizazio gehiago
Langile Batzordeak aurreratu duenez, osteguneko ekintza lehenbiziko pausoa baino ez da izango, aurrerago “beste mota bateko mobilizazioak” deitzeko. “Badakigu gaur egungo egoera berezia dela horrelako neurriak planteatzeko, baina orain gauden tokian baldin bagaude, lehenago beste batzuek borrokatu dutelako da”.