LANTEGIETAKO EGOERA

Tubacex enpresak beste langile bat kaleratu du

Aitor Aspuru Saez 2020ko eka. 8a, 15:27

Tubacex enpresako langileen protesta baten artxibo irudia. / Aiaraldea.eus

Tubacex enpresak beste behargin bat kaleratu du gaur goizean Amurrioko lantegian, pasa den astean beste bat bota ostean.

Tubacex enpresako zuzendaritzak erabaki du beste langile bat kaleratzea gaur goizean. Pasa den astean bezala, ikerlari batek hartutako irudiak baliatu dituzte horretarako,beharginen iturriek aipatu dutenez.

5 egunetan enpresak kaleratzen duen bigarren langilea da gaurkoa. Horrez gain, antzeko argudioak erabili zituen zuzendaritzak otsailean beste behargin bat 60 egunez zigortzeko. Pasa den asteko kasua zein duela bi hilekoa epaitegira eraman dituzte.

Tubacexen 3 epaiketen zain, momentuz
Hain zuzen, sindikatuekin akordioa lortzea gomendatu zion epaile batek aurreko kasu batean Tubacexi. Langile erakundeek epaitegira jo zuten enpresak langileari 10 eguneko oporrak kendu nahi dizkiolako, espedienteen harira. Horren aurrean, epaileak exijitu zion zuzendaritzari adostasuna bilatzea beharginekin. Hori gertatuko ez balitz, ekainaren 17an izango litzateke epaiketa.

Mobilizazioak egingo dituztela jakinarazi zuten aurreko astean sindikatuek, baina oraindik ez dituzte zehaztu.

LAB sindikatuaren aldarrikapenak
LAB sindikatuak oharra zabaldu du kaleratutako bi langileak berriro onartzea eta kontratatzea eskatzeko. Erakundeak azaldu du Tubacexeko zuzendaritzak ikerlari pribatu baten txostena baliatu duela beharginaren medikuak esandakoa ukatzeko.

Zehazki, adierazi duLABek: "Honek langileen eta euren familien intimitateari eraso egiten dio eta auzitan jartzen du bajan dagoen langileak egin dezakeen edozein jarduera, aipatutako jarduera medikuak berak aholkatua egon arren".

Ez da kasualitatea
Sindikatuak erantsi du ez dela kasualitatea Tubacexek langile horren aurka egitea eta nabarmendu du behargina aurretik seinalatuta zegoela enpresan: "Duela urte batzuk langile honek behartuta ikusi zuen bere burua barne-salaketa bat aurkeztera, arduradun batzuk ematen zioten tratuaren ondorioz. Momentu horretatik aurrera bere egoera ez da batere erraztu enpresa barruan. Pasa den otsailean, zigortu ere egin zuten bere arduradunek, 12 egunez enplegu eta soldatarik gabe, ez betetzeengatik, hiru ohartarazpen jarraian egin ondoren. Enpresak berak, pasa den martxoan, langileari eskatu zion aholkularitza baten bidez egiten ari ziren elkarrizketa batzuetan parte hartzeko, gertatzen ari zena ezagutu eta konpontzeko".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide