HAUTESKUNDE KANPAINA

Hauteskundeen lehen asteburuak Iñigo Urkullu eta Arnaldo Otegi ekarriko ditu Aiaraldera

Aitor Aspuru Saez 2020ko eka. 26a, 12:00

Iñigo Urkullu eskualdean egindako mitin batean. / EAJ

Gaur hasi da Eusko Legebiltzarreko hauteskunde kanpaina eta Aiaraldean berehalako eragina izango du. Besteak beste, Iñigo Urkullu Lehendakariaren eta Arnaldo Otegiren ekitaldiak egongo dira asteburuan Laudion eta Amurrion.

Gauerdian abiatu dute hauteskunde kanpaina alderdiek Eusko Legebiltzarrean eta Eusko Jaurlaritzan euren ordezkariak kokatzeko. Hori dela medio, uztailaren 12an ahalik eta boto gehien erakartzeko, ekitaldiek zipriztinduko dituzte EAEko herriak.

Gaurdanik uztailaren 10era arte tartea badute ere, kanpaina modu indartsuan hasiko da Aiaraldean. Hasteko, gaur bertan Jon Inarritu EH Bilduko diputatuak eta Bea Ilardia Bizkaiko koalizioko bozeramaileak hartuko dute hitza Orozkon 19:00etan Zubiaur plazan.

Bihar EH Bilduk ere politikari ezagunak gonbidatuko ditu Amurrion egingo duen mitinean, 13:00etan Guk pasealekuan. Zehazki, Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusia, Mikel Otero koalizioaren Arabako zerrendaburua eta Eba Blanco amurriorra, bigarren zerrendakide arabarra, bertaratuko dira.

Lehendakaria

Larunbatean ere EAJk kargu garrantzitsuak dituzten jeltzaleak erakarriko ditu Laudiora. Hain zuzen, Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Iñigo Ortuzar alderdiko presidenteak babestuko dute Estibaliz Larrauri amurrioarraren hautagaitza. 18:30ean izango da zita Alberto Acero plazan.

Hurrengo astean jarduera politikoak ez du etenik izango eta, esaterako, EH Bilduk ekitaldi nagusia egingo du Laudion uztailaren 3an. Bi egun lehenago Eba Blancok eta Ainhize Solaunek solasaldia eskainiko dute 19:00etan Ugarte Plazan. Uztailaren 7an, aldiz, Unai Fernandez De Betoño egongo da Altamira plazan, 19:00etan. 

PSE-EE

PSE-EEk ere uztailaren 6an aurreikusi du agerraldi garrantzitsua egitea goizean Laudion, Aldai plazan. Gloria Sanchez Arabako zerrendaburuaren partaidetza ziurtatuta dago, baina oraindik ez dute zehaztu zein ordezkari sozialista arituko diren berarekin, agendak moldatu behar baitituzte.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide