ANALISIA

Alderdien eta koalizioen dantzen gainetik, hegemonia jeltzalea

Aitor Aspuru Saez 2020ko uzt. 8a, 07:00

Aldaketa nabariak egon dira euskal politikan azken urteetan. / Aiaraldea.eus

Azken 11 urteetako alderdi eta koalizio berrien agerpena dela eta, Legebiltzarreko aurreko 3 hauteskundeak oso bestelako egoeratan ospatu dira. Estatuko alderdiek esaterako, gorabehera nabariak izan dituzte, baina aldatu ez dena EAJren hegemonia izan da.

2009tik gaurdaino euskal politikak aldaketa nabariak izan ditu. Gogoratu dezagun urte horretan PSE-EEk Eusko Jaurlaritza eskuratu zuela PPren babesari esker eta EAJk, Eusko Alkartasunak eta Ezker Batuak sortutako koalizioaren tokia hartu zuela.

Patxi Lopezek gobernatzeko aukera izan zezan, ezohiko zatiketa jazo behar izan zen talde abertzaleen artean eta hori eskualdean islatu zen ere. 2009an alderdirik bozkatuena EAJ izan zen Aiaraldean -11.290 boto-, eta bere atzetik geratu ziren PSE-EE -4.134- eta PP -2.429 bozka-. Aralarrek 1.200 babes eskuratu zituen, EAk 1.057 eta Ezker Batuak 601 bozkatzaileren paperak batu zituen.

Ekuaziotik kanpo, EAE osoan bezala, Ezker Abertzalea geratu zen. Borroka armatuko garaian eta ilegalizazio aroan sartuta, boto  baliogabeak 2.423 izan ziren. Boza horiek guztiak %100ean Ezker Abertzalearen aldekoakizan ez baziren ere, zalantzarik gabe, gehien gehienak bai.

2012an, ordea, errealitate politikoa oso bestelakoa izan zen. Patxi Lopezek ezin izan zuen legealdia amaitu eta hauteskundeak aurreratu behar izan zituen. Urte horretan EAJ izan zen berriro alderdi bozkatuena 9.073 botorekin, baina hurrengo indarra EH Bildu izan zen 7.319 babesekin. Koalizioak bere kabuz hobetu zituen Aralarrek, EAk eta Ezker Abertzaleak 3 urte lehenago lortutako emaitzak. Bere atzetik PSE-EE izan zen hurrengo indarra 3.000 botorekin eta PPk are gutxiago batu zituen, 1.855. Elkarrekin Podemosek, ordea, 439 bozkatzaileren babesa izan zuen. 

Lau urte geroago, 2016an, bestelakoak izan ziren hauteskundeak beste behin, zenbait zentzutan. EAJk bere hegemonia mantendu zuen 9.176 bozkarekin eta EH Bilduk 6.788 izan zituen.

Elkarrekin Podemosek gorakada azpimarragarria izan zuen eta 3.219 babes eskuratu zituen. PSE-EEk beherakada sumatu zuen eta 1.789 bototan geratu zen. PPk behera egin zuen berriro ere eta 1.622 lagunen konfiantza lortu zuen. Horrez gain, Ciudadanosek 281 bozkatzaile erakarri zituen eta Voxek 83.

11 urteko bilakaera
Hamaika urte hauek hainbat aldaketa ekarri dute: koalizio abertzale berriak -EH Bildu-, eta baita estatukoak ere, bai ezkerrean -Elkarrekin Podemos-, zein eskuinean -PP eta Ciudadanos batu baitira uztailaren 12rako-. Agerpen horiek guztiek astindu dituzte emaitzak hitzorduz hitzordu eta EAEko zein estatuko politikaren errealitateak islatu dituzte; PSOEk eta PSE-EEk ezintasuna erakutsi zutenean krisialdia kudeatzeko, bozkatzaile kopuruaren murrizketa izan zuten. Alderdi popularrari gauza bera gertatu zitzaionean zigortua izan zen ere. Sortu legeztatu zutenean, ordea, babes zabala jaso zuen EH Bilduk.

Hori bai, aldatu ez dena EAJren hegemonia izan da. Handiagoa edo xumeagoa, azken hamarkadan alderdirik bozkatuena izan da Aiaraldean. Jeltzaleen hitzetan, PSE-EErekin batera gehiengo argia izango duen gobernua lortzea dute helburu 2020an. Gainerako alderdien xedea, ordea, hori oztopatzea da eta ikusteke dago nola eragingo dien EAJri, sozialistei eta Elkarrekin Podemosi COVID-19aren krisialdiak eta nola erantzuten dieten bozkatzaileek EH Bilduren proposamenei eta PP eta Ciudadanosen baturari. Halaber, izugarri zaila ematen badu ere, uztailaren 12ak epaituko du Voxek eskualdean indar guztiz marjinala izateari utziko dion, beste alderdi espainiar eta eskuindarren kalterako.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide