COVID-19ak eragin handia izan du zentzu anitzetan Eusko Legebiltzarreko atzoko hauteskundeetan. Izan kutsatzeko beldurragatik edo osasun eta ekonomia krisialdiak hainbat herritar desengainatu dituelako, atzo parte hartzea nabarmen jaitsi zen eskualdean. Zehazki, aurreko hitzorduarekin alderatuta, %15,5 erori zen boto kopurua, eta 2012ko eta 2009ko hauteskundeak aintzat hartuta, etxean geratu den jendearen kopurua are handiagoa izan da.
Hain zuzen, atzo 19.025 lagunek jo zuten hauteslekuetara edo posta bidezko botoa baliatu zuten, baina 2016an 22.507 izan ziren, 2012an 23.467 eta 2.009an 23.743.
EAJ lehen indarra izan da boto gutxiagorekin
Ohikoa bilakatu denez, EAJ izan da indarrik bozkatuena, baina aurreko hauteskundeetan baino 865 boza gutxiago eskuratu ditu. Joera hori nabaritu da ere bestelako alderdietan.
Gehien sufritu duena Elkarrekin Podemos izan da, 1.903 bozkatzailek kale egin baitiote ezkerreko koalizioari. Egia esanda, etengabeko beherakadan dago indar aurrerakoien batura, eta 2016ko Kongresuko hauteskundeetan eskuratutako markarik onenetik -7.309- izugarri urrun geratu da. Alegia, badirudi denborak eta gobernuan aritzeak bere aurka jokatzen duela.
PPk eta Ciudadanosek osatutako taldeak ere zigorra jaso du eta 1.000 boto baino gutxiago jaso ditu. 857 lagunek besterik ez dituzte babestu bere zerrendak.
PSE-EEk beherakada txikia izan du ere. Hain zuzen, 1.737 bozkatzaile izan ditu. 2012an eskuratutako 3.000 bototik urrun badago ere, kontuan hartu behar da 2016an 1.789 lagunek hautatu zutela alderdi sozialista.
EH Bilduko gorakada
Salbuespena alderdi bozkatuenen artean EH Bildu koalizioa izan da. 6.299 bozkatzaile erakarri ditu. Hau da, 2016an baino 576 herritar gehiago, baina 2012an baino gutxiago, 7.139 boto izan baitzituen orduan.
Hala eta guztiz ere, aipatzekoa da beherakada orokorraren artean, koalizioa gai izatea emaitzak hobetzeko. Horietako boto asko Elkarrekin Podemosen babesle ohienak izanda ere, Espainiako Gobernuan dagoen koalizioa morearen 1.000 boto eskas mobilizatu dira eskualdean.
Aurreko Eusko Legebiltzarreko datuekin alderatuta, Voxek ere egin du gora, baina ez du bere emaitzarik onena lortu. Izan ere, Espainiako eskuineko bozkatzaileak ere ez ziren mobilizatu atzoko hauteskundeetan. Voxek 353 botorekin 2016an baino 270 gehiago jaso zituen, baina PPk eta Ciudadanosek 1.046 galdu zituzten.