ANALISIA

Kaleratzeak Tubacexen, mehatxua ala egia?

Txabi Alvarado Bañares 2020ko uzt. 21a, 17:00

Iñigo Urkullu Lehendakariaren bisita Tubacexeko lantegira. / Irekia.eus

Tubacex enpresako zuzendaritzak langile guztien %20 kaleratu nahi duela aurreratu du. Taldeak lan baldintzak prekarizatzeko izan duen azken urteko bilakaera eta Arantxa Tapiaren erantzuna ikusita, askok galdetu diote bere buruari bataila berria soldatak murriztea den edo ehunka behargin kalean utzi nahi dituzten.

Ezuste ezatsegina izanik ere, Tubacex taldeko langile gehienak ez ditu gaurko iragarpenak jokoz kanpo harrapatu. Enpresaren jarrera azken urteotan bereziki oldarkorra izan da, nagusiki azkenaldian.

Izan ere, ez da sekretua Jesus Esmoris eta bere zuzendaritza taldearen gusturako, Amurrio eta Laudioko langileek gehiegi kobratzen dutela, eta horri nolabaiteko konponbidea bilatu nahi diotela etekin gehiago banatzeko akziodunen artean; soldatak murriztu, behargin gutxiago izan...

Gauzak horrela, gaur Tubacexek egindako adierazpena ez da ezer ezetik sortu. Azken hilabeteetan sindikatuen, langileen eta zuzendaritzaren arteko tirabirak ugariak izan dira, eta ekainean gertatutako 2 kaleratzeak horren adibiderik argiena izan dira.

Berez, ekainean egindako mobilizazioetan, langileen arteko elkarrizketetan, ohiko gaia zen zuzendaritza prestatzen ari zen hurrengo jokaldia. Batzuentzat soldatak murrizteko maniobra, besteentzat zuzenean hainbat jende kaleratzearena.

Zurrumurru horiei erantzunda jakinarazi du gaur Tubacexek taldeko beharginen %20 kalean utzi nahi dituela eta "timing"-a ez dirudi inozoa. Eusko Jaurlaritzako hauteskundeak bukatu eta 9 egunera industria ehunaren kontrako kolpe izugarria bota du Eusko Autonomia Erkidegoan kokatuta dagoen zuzendaritzak.

Arantxa Tapia Ekonomia Sailburuaren erantzuna adierazgarria izan da, zentzu horretan. Ez du behin ere enplegua aipatu, ezta neurririk bota kaleratzeak ekiditeko. Tapiak orainaldia alde batera utzi du, eta etorkizunera so jarri da berehala, lehiakortasuna ardatz hartuta. Beste hitz batzuetan esanda; kostuak arintzeko beharra jarri du mahai gainean; hau da, langileek gutxiago kobratzea.

Momentuz, bihar batuko dira Tubacexeko zuzendaritza eta langile ordezkariak, eta aurrez aurre esango diete lehenengo aldiz enpresako arduradunek zeintzuk diren euren asmoak. Aiaraldea hedabideak jakin duenez, behargin batzuek uste dute hau izango dela Jesus Esmoris eta bere kontseilukideen azken ahalegina soldatak murrizteko eta bakea ezartzeko, COVID-19aren krisialdia aitzakia bihurtuta. Besteek ez dute hain argi.

Bistakoa den gauza bakarra da, erakundeen utzikeriaren erdian, dozenaka edo ehunka langileren kaleratzeek Aiaraldeko ekonomia pikutara bidali dezaketela, eta desindustrializazio prozesuan are gehiago sakontzea eragin.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide