500 langile inguru kaleratu nahi dituela jakinarazi du Tubacex taldeak gaur. Enpresa taldeak dituen behargin guztien %20ari eragingo dio neurriak, zuzendaritzak aitortu duenez. Modu horretan, aurten 25 milioi euro aurreztea da Tubacexen asmoa, “merkatuaren bilakaerak eta koronabirusaren krisiak” eragindako kalte ekonomikoei aurre egiteko.
Taldeak ez du zehaztu non egingo dituen zehazki kaleratzeak. 2.553 langile ditu mundu guztian barrena. Horietako 800ek lan egiten dute Laudio eta Amurrioko fabriketan. Espainian, Austrian, Italian, Estatu Batuetan, Indian eta Tailandian ditu lantegiak, eta baita Saudi Arabian, Dubain eta Norbegian ere (azken hiru hauek NTS taldearen bidez). Horrez gain, 38 herrialdetan du presentzia komertziala.
Gauzak hala, %20ko enplegu murrizketa modu proportzionalean gauzatuko balu, enpresak 160 behargin kaleratuko lituzke Aiaraldean. Gainera, aipatu beharra dago eskualdeko lantegietan %50eko lanaldian daudela, enplegua murrizteko espedientea ezarri delako.
Bilera bihar
Enpresak adierazi du “elkarrizketak” abiatuko dituela “alde sozialarekin” (hau da, sindikatuekin) ekoizpen unitate bakoitzean, eta nabarmendu du “guztien konpromisoa” espero duela, “Tubacexeko enpleguaren gehiengoa salbatzeko”.
Hain zuzen, bihar bilduko dira sindikatuetako ordezkariak Jesus Esmorisekin, enpresa-taldearen kontseilari delegatuarekin. Langileen ordezkariek salatu dute prentsaren bidez jaso dutela albistearen berri.
1,6 milioi euroko galerak
Ekainaren 25an eginiko akziodunen batzarrean zuzendaritzako kideek aipatu zuten aurten 800 milioi euro fakturatzea aurreikusi zutela, baina koronabirusak eragindako krisialdiaren ondorioz, emaitza negatiboak egongo direla.
Printzipioz, lehen hiruhilekoan, 1,6 milioi euro galdu ditu korporazioak. Gainera, akzioek %49ko balioa galdu dute burtsan, bileran azaldu zutenez. Bertan iradoki zuten baita "berregituraketa plan bat" abian jartzeko asmoa.
Gauzak hala, langileek bazuten horrelako albiste bat jazo zitekeenaren susmoa. Gainera, azken hilbeteak nahiko gatazkatsuak izan dira eskualdeko faktorietan, enpresak bi behargin kaleratu dituelako bajan zeudela, euren atzetik detektibe bat zelatan jarri ostean:
Arantza Tapiaren adierazpenak
Arantxa Tapiak ere adierazpenak egin ditu Tubacexen egoeraren harira. Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailburuaren ustez, “albiste txarra” da Tubacexek hartutako erabakia, baina nabarmendu du enpresarekin “oso errealistak izanda” egin behar zaiola aurre, eta horrelako “albiste txar” gehiago egongo direla iragarri du. Gauzak hala, “epe luzera lehiakorragoak izateko neurriak” hartu behar direla azpimarratu du sailburuak.
LABen oharra
LABek oharra plazaratu du kaleratzerik onartuko ez duela nabarmentzeko. “Duela aste batzuk eta prentsa-ohar baten bidez, Tubacexek aurreratu zigun bere lantegien berregituraketa ezarri nahi zuela”, azaldu du sindikatuak, “gaur, berriz, eta bihar Amurrio eta Laudioko lantegietako enpresa-batzordeekin duen bilerara itxaron gabe, talde osoan 500 langile kaleratuko dituela jakin dugu, langileen kosteak jaitsi beharrarekin justifikatuz”.
Enpresak COVID-19ak sortutako egoera “baliatu” duela uste du LABek. “Enpresaren kontu eta balantzeen azterketa eginda, argi ikusten da nahikoa ona dela enpresaren egoera ekonomikoa lantegien etorkizuna bermatu ahal izateko, inolako berregituraketa prozesurik abiatzeko inolako beharrik gabe”.
Sindikatuaren aburuz, Laudio eta Amurrioko lantegien kasuan langileen gastua gastu osoaren %14a baino ez da batazbeste, “eta %5a altzairugintzan”.
Horregatik, sindikatuak uste du ez dela koronabirusa izan Tubacex “enplegu suntsiketa” planteatzera eraman duena. “Urteak daramatzate hori barne mailan iragartzen. Lantegien eta lan harremanen eredu berria nahi du zuzendaritzak, langile malgu eta merkeak kontratatzea ahalbidetuko diona. Argi dago berregituraketa honek enpresaren estrategiari erantzuten diola eta ez arrazoi ekonomikoei”.
Eusko Jaurlaritzaren jarrera ere salatu du LABek, enpresa-taldeari “instituzionalki eta ekonomikoki” laguntzea egotzita, “bere nazioarteko hedapen etengabean”. “Mundu osoan dituen 16 ekoizpen zentroak Laudio eta Amurrioko lantegietako irabaziekin eskuratu dituzte. Hortaz, dei egiten diogu Eusko Jaurlaritzari berma dela Tubacexek ez duela enplegurik suntsituko eta eskualdeko lantegietako lan-baldintzak berma daitezela”.