Laudio Amurrioren aurka, Aiaraldeko derbia izango da Arabako Herri Arteko Pilota Txapelketako finala

Aitor Aspuru Saez 2020ko uzt. 28a, 11:30

Laudioko jokalariak. / Herriaren Pilota Elkartea

Lamuza frontoiak hartuko du Arabako Herri Arteko Pilota Txapelketako finala uztailaren 31n, ostiralean. 17:30ean izango da eta publikoaren kopurua mugatuko dute, COVID-19 birusa dela eta.

Arabako Herri Arteko Pilota Txapelketako 2020. urteko edizioaren finala Aiaraldeko derbia izango da. Ondorioz, Amurrio eta Laudio aurrez aurre egongo dira ostiralean, uztailaren 31n, Lamuzako frontoian. Printzipioz, 96 lagunek izango dute aukera pilotalekuan egoteko, distantzia sozialeko neurriak jarraiki.

Amurriok jadanik badaki zein jokalarik hartuko duten parte lehian. Kadeteen artean Jon Rubiños eta Aner Salazar hautatu dituzte, gazteen mailan Aitor Arauzo eta Iker Larrazabal eta senior kategorian Koldo Iriarte eta Aitor Landaluze. Atzo bertan entrenamendu saioa egin zuten Lamuzako frontoian eta bertako zoru irregularra probatu zuten.

Pilotari amurrioarrek adierazi zuten nahiago dutela ohiko kantxa, baina Iñigo Larrazabal Amurrioko klubeko kideak adierazi du arazo hori arerioak ere izango duela.

Amurrio faborito?

Asier Amondo Herriaren klubeko zuzendaritzako kideak -Laudioko taldea, hain zuzen- uste du aurten Amurrio dela faboritoa aurreikuspenetan: "Dena den, partidak jokatu arte, ezer ez da ziurra. Duela 2 urte gu ginen faboritoak eta eurek irabazi zuten".

Iñigo Larrazabalek antzeko iritzia du: "Uste dut 1-2 irabazi dezakegula txapelketa, baina, esaterako, zaila izango da kadete kategorian garaitzea".

Asier Amondoren iritziz, laudioarrek ez dute presio berezirik sentituko, etxean jokatu arren: "Sailkapen ligaxkan Amurrio gailendu zen, hortaz, presioa euren teilatuan dago".

Printzipioz, bihar entrenatuko dute laudioarrek Lamuzan eta orduan erabakiko dute entrenatzaileek nortzuk jokatu duten finala.

Derbia

Laudioarrentzat Arabako Herri Arteko Txapelketako hirugarren finala izango da jarraian eta euren itxaropena da behingoz txapeldunak izatea. Aiaraldeko derbia izango denez finala, egoera berezia izango da Aitor Ayesta laudioarrarentzat.

Izan ere, Ayestak Amurrioko klubarekin egin ohi du denboraldia, baina Arabako Txapelketa Laudioko taldearekin egin behar du, bertakoa baita. Iñigo Larrazabalek azaldu du hori ez dela arazoa, inondik inora: "Aitor Ayesta oso mutil jatorra da eta gu pozik gaude berarekin, baina laudioarra da eta ezin du gurekin txapelketa lehiatu. Zorionez, postu berean jokalari gehiago ditugu".

Neskak

Derbia ez bada ere, Amurrioko neskek Arabako Herri Arteko Txapelketako finala jokatuko dute pala diziplinan. 17:00etan izango da hitzordua Aretako frontoian.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide