TUBACEXEKO KALERATZEAK

Tubacex enpresako langileak irailaren 17an mobilizatuko dira eta eskualdearen babesa eskatu dute

Aitor Aspuru Saez 2020ko uzt. 30a, 21:14

Gaur 13:00etan egin dute Tubacex taldeko Aiaraldeko ordezkari sindikalek agerraldia Laudioko lantegiaren aurrean iragartzeko irailaren 17an manifestazioa egingo dutela. Eskualdeko hainbat sektoreri eskatu diete ekimena babestea.

Gaur 13:00etan prentsaurrekoa eskaini dute Tubacex taldeko eskualdeko langileen ordezkari sindikalek. Iragarri dutenez, irailaren 17an manifestazioa egingo dute eta Aiaraldeko sektore ekonomiko zein sozial orori eskatu diete mobilizazioan parte hartzea eta babestea.

Izan ere, sindikatuentzat kaleratzeek eragin "hilgarria" izan dezakete eskualdeko "tabernetan, dendetan supermerkatuetan edo edozein establezimendutan". Bide batez, gogoratu dute jadanik Aiaraldeko langabeziko tasaren batezbestekoa %15ekoa dela.

Zuzendaritzaren helburuak

Langile batzordearen aburuz, Tubacex taldeko zuzendaritzak kaleratzeak proposatu ditu "eskulana osatzen dugunon soldata-kostuak murrizteko". Batzordearen iritziz, egungo krisialdia koiunturala da, eta enpresako arduradunek nahi dute "erabaki handiak hartzen dituztenek eta ekoizpenak beste herrialde batzuetara eramateko erabakiak hartzen dituztenek beren poltsikoak gizentzen jarraitzea".

Adierazpenaren ondoren, prentsako galderei erantzunda, langile antolakundeek argitu dute enpresaren gastuen %16 besterik ez direla beharginen soldatak, baina zuzendaritzak esparru horretan soilik aurreikusi dituela murrizketak.

Eskualdean errotutako enpresa

Sindikatuek gogoratu dute Tubacex 1963an sortu zutela Aiaraldean eta krisialdi larriagoak gainditu dituela: "1992an oraingoa baino askoz ere egoera dramatikoagoa izanik, langileria batuaren babesarekin aurrera egitea lortu zen".

Horren harira, langile batzordeak azpimarratu du Tubacex eta Aceralavako lantegiek etekin handiak eman dituztela eta horri esker hedatu dela taldea beste herrialdetara: Estatu Batuak, Austria edota Italia.

Hala ere, Tubacexen pisua agerikoa da eskualdean eta aberastasuna sortzeko aktibo nagusia dela nabarmendu dute: "100 enpresa laguntzaile baino gehiago eta 1.000 pertsona baino gehiago zeharka igarotzen dira urtero gure enpresaren instalazioetatik. (...) Ezin ditugu ahaztu taldeko enpresa txikiagoak: Cotubes, Tubos Mecánicos eta TTA". 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide