Tubacexek 150 pertsona kaleratu nahi ditu Aiaraldean. Hala argitaratu berri du El Correo hedabideak, eta Josune Irabien jarri du iturri gisa. Antza, Amurrioko alkateak irrati programa batean eman du zifra hori gaur goizean, enpresa-taldeko zuzendaritzako "goi-karguekin" hitz egin ostean.
Aiaraldea hedabidea harremanetan jarri da Irabienekin, eta informazioa gezurtatu du. Alkatearen hitzetan, eskualdean murrizketa planak izan zezakeen eraginaren inguruan galdetu zien zuzendaritzako kideei, eta horrela izan zuen zifra horren berri. Hala ere, azaldu du zifra horrek murrizketa plana modu proportzionalean aplikatuko balitz izango lukeen eraginari erantzuten diola, baina ez duela esan nahi 150 kaleratze egongo direnik, El Correok plazaratu moduan.
Laudio eta Amurrioko lantegietan 800 langile daude guztira lanean, eta kopuru horren %20 160 behargin dira. Horri erantzuten dio Irabienek emandako zifrak, argitu duenez. "Espero dugu enpresaren eta sindikatuen artean elkarrizketak luzerako ematea eta zifra hori azkenean txikiagoa izatea. Orain eurei utzi behar diegu lanean", nabarmendu du.
Atzo jakinarazi zuen enpresa-taldeak bere langileria guztiaren %20a kaleratzeko asmoa duela, koronabirusaren krisiari eta merkatuaren azken urteetako joera negatiboari erantzuteko. 500 behargin kaleratu nahi ditu guztira Tubacexek, 25 milioi euro aurrezteko.
Sindikatuak zuzendaritzarekin bilduta daude une honetan. 10:30ean hasi dute bilera.
Erreakzioak
Atzoko albistea jakin eta gutxira agertu ziren lehen erreakzioak. LAB sindikatuak oharra plazaratu zuen kaleratzerik onartuko ez duela adierazteko. Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailburuak, Arantza Tapiak, bere aldetik, egoerari "modu errealistan" aurre egiteko deia luzatu zuen, eta horrelako beste albiste txar gehiago egongo direla iragarri.
Albistea eguneratzen joango gara informazio gehiago izan ahala.