Artziniegako fokua ez da "itzali". Izan ere, astelehenean 5 kasu agertu ziren, asteartean 1 eta atzo 3. Orotara, beraz, hiru egunetan 9 herritarrek eman dute positibo, Osakidetzaren txostenaren arabera.
Amurrion ere eriak areagotu dira: astelehenean 3 bizilagunek harrapatu zuten birusa, asteartean batek eta atzo beste bik. Ondorioz, 6 dira astelehenetik gaur arte koronabirusak kaltetutako biztanleak.
Astelehenetik asteazkenera -azken bi egunetan- 19 pertsona gaixotu dira Aiaraldean koronabirusaren ondorioz, Artziniegan horietatik 9
Bestalde, Aiaran, Laudion zein Urduñan kasu bana agertu da, osasun sistema publikoaren arabera.
Urduñako igerilekuetako taberna itxita
Urduñako igerilekuetako tabernak, bere aldetik, oharra zabaldu du sare sozialetan zerbitzua tarte batez etengo dutela jakinarazteko: "Denon onerako taberna itxita egongo da egun batzuetan, prebentzioagatik. Gure lantaldeko 2 etxean bakartuta daude, nahiz eta PCR probetan negatibo eman. Ez da emaitza positiborik egon, argi gera dadila, Urduñan denok elkar ezagutzen dugu eta...". Horrez gain, gaurko programatuta zuten Jon Gurrutxaga eta Urbil Artolaren kontzertua bertan behera geratu da. Urduñako Udalak Aiaraldea Komunikabideari baieztatu dionez, ordea, igerilekuek zabalik jarraituko dute.
Aiaraldean jada 568 kutsatu
Gauzak horrela, herrika Aiaraldean pilatutako positiboen kopurua ondorengoa da pandemia hasi zenetik:
- Laudio: 224
- Amurrio: 151
- Aiara: 72
- Urduña: 51
- Okondo: 8
- Orozko: 30
- Artziniega: 31
- Arakaldo: 0
- Arrankudiaga-Zollo: 1
- Aiaraldea: 568