Iker Rioja Anduezak eta Rubén Pereda ElDiario.es hedabideko kazetariek lortu dute EAEko nagusien egoitzen heriotza datuak biltzea eta horren berri eman dute artikulu batean.
Izan ere, sektorearen datuak ez daude erregistratuta batera. Ikerketa horien arabera, 632 hildako egon dira Euskal Autonomia Erkidegoko nagusien egoitzetan eta horietako 10 Aiaraldean izan dira.
Zehatz-mehatz, San Roke Laudioko egoitzan 3 izan dira zendutakoak, Amurrioko San Antonen 6 eta Arespalditzako Aldayn 1. Osakidetzak ekainean herriz herrikako datuak aintzat hartuta, eskualdeko heriotzen %43,47 izan dira zaintza gune horietan.
Hildakoen datuak ez ezik, kazetariek nabarmendu dute ere sektorea esku publikoetan egon arren, kudeaketa pribatu handia duela. Esaterako, Bizkaian 155 zentro daude eta soilik 4 dira publikoak. Horietako bat da Urduñakoa, udalak eta Bizkaiko Aldundiak kudeatzen dutena. Bertan ez da hildakorik egon.
Estatu Espainiarreko Giza Zuzendari eta Gerenteen Elkartearen arabera, EAEkoak dira plaza garestienak, 11.000 euro bakoitza urtero. Horrez gain, elkarte beraren kalkuluak kontuan hartuta, erkidegoan 4.000 eta 6.000 plaza beharko lirateke Osasunaren Mundu Erakundearen ratioak betetzeko.