ERREPORTAJEA

Gaur hasiko dute ezohiko ikasturtea Aiaraldeko ehunka ikaslek

Txabi Alvarado Bañares 2020ko ira. 7a, 10:12

Latiorro Ikastetxeko haurrak gaur bertaratu dira klasera, martxotik lehen aldiz. / Aiaraldea.eus

Gaur -astelehena- aurkezpenak egitera mugatuko dira Aiaraldeko ikastetxe gehienetan, eta bihar ekingo diete klaseei, aldaketa ugarirekin. 

Gaur hasi dute ikasturtea EAEko ikastetxeetan Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloan. Ezohiko ikasturtea izango da, COVID-19aren pandemiak erabat baldintzatu baitu ikastetxeen jarduna. Aiaraldeko hezkuntza zentro gehienetan bihar ekingo diote klaseak emateari. Gaur aurkezpen saioak baino ez dituzte egingo ia kasu guztietan. 

Aiaraldea hedabidea ostiralean jarri zen harremanetan eskualdeko ikastetxe guztiekin, euren azpiegituretan eta funtzionamenduan zer aldaketa egin dituzten jakiteko. Hamabi ikastetxeetako kideekin hitz egin genuen. Batzuk ez zuten erantzuterik izan, lanez lepo zeudelako, ikasturteari hasiera emateko azken gauzak lotzen. 

Ikastetxe gehienetan bilerak egin dituzte gurasoekin, hasi berri den ikasturtearen nondik norakoak azaltzeko. Aldaketa batzuk bistakoak izango dira. Aldaketak egin dituzte azpiegituretan, ikasleen pilaketak ahalik eta gehien murrizteko. Kasu batzuetan ate berriak ere atondu dituzte, sarrera eta irteeretan ere segurtasun distantziak bermatzeko.

Horrez gain, kasu batzuetan espazio publiko gehiago baliatuko dute ikastetxeek. Horretarako baliatu zitezkeen udal-lokalen zerrenda bat egitea eskatu zien EUDELek EAEko udalei, eta hala egin dute eskualdeko tokiko erakundeek ere.

Laudioko Udalak, adibidez, La Granjako kiroldegiko kantxak, Areta eta Latiorroko frontoiak eta Ugarte plaza utziko dizkie udalerriko hezkuntza zentroei. Orozkoko Udalak, aldiz, kultura etxea, gizarte etxea, frontoia, kiroldegia eta eskola ondoko tenis pista eskaini dizkie herriko eskolari, alfonbrak, gela eta sikatzeko papera emateaz gain.  

Beste kasu batzuetan, udalek langileak bideratuko dituzte eskoletara, guneen etengabeko garbiketa eta desinfekzioa bermatzeko. Hala egingo dute Urduñako, Orozkoko zein Laudioko udalek, besteak beste. 

Ikastetxeetako sarrera eta irteerak, klaseen kokalekuak edota jolastokiak moldatu dituzte eskualdeko ikastetxeek, besteak beste

Jolastokietara ere, txandaka

Hezkuntza Sailak osatutako protokoloak ikasleen “talde burbuilak” osatzea planteatzen du, ikasle-taldeen arteko kontaktua saihesteko.

Ikastetxe gehienetan gelaka osatuko dituzte “burbuila” horiek. Toki komunetan egiten diren jarduerak geletara eraman dituzte horretarako, eta jolastokiak ere moldatu dituzte. Zonaldeka banatu dituzte espazioak, “talde-burbuilen” arteko kontaktuak saihesteko. Atsedenaldien ordutegiak ere moldatu dituzte, helburu berdinarekin.

Horrez gain, “alde emozionalari” garrantzia eman nahi diotela nabarmendu dute zenbait ikastetxek. “Umeek denbora luzea eman dute klasera etorri gabe, martxotik. Horregatik, lehen harrera ere ahalik eta politena izatea nahi dugu”, nabarmendu du Okondoko Eskolako Gemma Corbellak.

Baliabide falta

Hezkuntza Sailak izandako jokabidearekin kritiko azaldu dira hainbat ikastetxetako langileak. Behin betiko protokoloa iragan astean jaso zutela salatu dute kasu batzuetan. “Udan protokolo eta plan propioak garatzen egon gara, eta azken unean aldatu behar izan ditugu”. 

Giza baliabide falta dagoela ere nabarmendu dute. “Klaserik bikoiztu gabe ezarriko ditugu segurtasun irizpideak, klaseak bikoizteko irakasle gehiago beharko genituzkeelako”, aipatu dute, adibidez, Urduñako Herri Ikastetxeko kideek.

Gainera, kasu batzuetan ez dituzte berez egokitzen zaizkien irakasleak ere jaso. “Esleipenak egiten ari dira oraindik, eta gurera ez dira oraindik etorri behar ziren irakasle guztiak etorri”, azaldu zuten Laudio BHI Institutuko kideek iragan ostiral arratsaldean, “gainera, Hezkuntza Sailetik ordenagailuak bidali behar zituzten udan, baliabide gutxi zituzten familiei eman ahal izateko berriz konfinamendua ezartzen bazen, baina ez dute egin”.

Maskara eta gela falta zaiela ere aipatu dute zenbait ikastetxek, euren kabuz eskuratu behar izan dituztela nabarmenduta.

Dituzten baliabideekin segurtasun irizpideak mantentzea zaila izango dela ere ohartarazi dute. “Ikastetxe guztiek izango dute arazo hori, zaila izango da 25 ikasleko geletan 1,5 metroko aldea mantentzea ikasleen artean”, azaldu du Zaraobe Institutuko zuzendaria den Roberto Marinek, “kasu batzuetan posiblea izango da, baina beste batzuetan ez”.

Hala ere, horretan tematuko direla nabarmendu dute langileek. “Segurtasuna jarriko dugu lehen mailan, helburu akademikoen gainetik”, azaldu du Genma Corbellak.

Giza baliabide falta dutela salatu dute eskualdeko ikastetxeetako hainbat langilek

Irailaren 15ean, greba

Datorren astea ere mugitua izango da eskualdeko hezkuntza zentroetan. Orduan itzuliko dira klasera bigarren hezkuntzako gainontzeko ikasleak zein Lanbide Heziketako Goi Mailako graduetakoak. Gainera, irailaren 15erako -asteartea- greba deitu dute hezkuntza eragileek, aspaldi ikusi gabeko batasun sindikalarekin: ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT batu dira deialdira, beste hainbat antolakunderekin batera.

“Hezkuntza itzulera segurua eta adostua” eskatzen dute. Giza baliabide gehiago exijitzea da deialdiaren xedea, geletako ikasle-ratioa jaitsi ahal izateko eta, modu horretan, COVID-19aren zabalpena ekiditeko prebentzio eta segurtasun neurriak bete ahal izateko.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide