HEZKUNTZA GREBA

Grebaren jarraipena Aiaraldean, ikastetxez ikastetxe: desoreka nabarmenak zentro batetik bestera

Txabi Alvarado Bañares 2020ko ira. 15a, 14:07

Laudio BHI Institutua, gaur goizean. Behean, Orozkoko Eskola eta Laudioalde. / Aiaraldea.eus

Eskualdeko hezkuntza zentro gehienetan langileen gehiengoak egin du bat grebarekin. Hala ere, desoreka nabarmenak egon dira ikastetxe batetik bestera. 

Desorekatua izan da hezkuntza grebaren jarraipena Aiaraldeko ikastetxeetan. Zentro batzuetan erabatekoa izan da atxikimendua. Beste batzuetan, aldiz, lanera bertaratu dira behargin eta ikasle gehienak. Hala ere, zerbitzu minimoek ere izan dute zeresana horretan. Langile ugari lanera joatera derrigortuak egon dira, ikaslerik apenas bertaratu den arren. 

Hori da, adibidez, Urduñako Herri Ikastetxearen kasua. Zuzendaritzako kideak lanera joan behar izan dira, haurrik bertaratu ez den arren. Bertako langileen %95ak egin du bat grebarekin. 

Orozkoko Eskolan beharginen %100ak egin du bat grebarekin, baina zerbitzu minimoak ezarri direnez guztiak ezin izan dira lanuztera batu. Antzeko zerbait gertatu da Okondoko hezkuntza zentroan: langileen erdia lanera joatera derrigortua egon da, ikaslerik bertaratu ez den arren. Etxaurren Ikastolan gutxiengo zerbitzuak soilik egon dira, eta ikaslerik ez. 

Laudio BHI Institutuan beharginen erdiak baino apur bat gutxiagok egin du greba, %49,5ak. Hala ere, kontuan hartu behar da lanera joan diren pertsonen artean gutxiengo zerbitzuak bete behar zituztenak ere kontatzen direla. Ikasleei dagokienez, oso gutxi izan dira institutura gerturatu direnak. “Batxilergoko gehienak bertaratu dira, gaur aurkezpena zutelako, baina gainontzeko mailetan oso gutxi”, adierazi diote zentroko arduradunek Aiaraldea hedabideari. 

Antzeko egoera bizi izan dute Zaraobe Institutuan. %40ak egin du greba eta DBHko zein Batxilergoko ikasle oso gutxi (500etik 30 inguru) bertaratu dira. Hala ere, lanbide heziketako zikloetan ikasle gehienak egon dira. 

Laudioalden, aldiz, bost ikaslek baino ez dute bat egin grebarekin, eta langileen %11a baino ez da batu lanuztera. Lamuza Eskolan %11,8ak egin du bat grebarekin eta oso ikasle gutxi bertaratu dira. 

Urduñako Andra Maria ikastetxean are txikiagoa izan jarraipena, bertako kideek baieztatu dutenez. 42 langiletik 2k baino ez dute bat egin deialdiarekin, eta klaseak normaltasunez egin dira. La Milagrosa Ikastetxean ez du inork bat egin grebarekin.

Amaurre Ikastetxean ere baxua izan da jarraipena, %12koa, eta ikasle gehienak bertaratu dira klasera.

Zabaleko Ikastetxean, %68koa izan da jarraipena, eta hiru ikasle baino ez  dira bertaratu klasera. Antzeko egoera bizi izan dute Lucas Reyn: jantokiko eta hezkuntza bereziko langileek %100ak egin du bat grebarekin, eta irakasleen %62ak. “Oharra bidali genien gurasoei. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak dio ezin ditugula gela ezberdinetako ikasleak batera izan. Gauzak hala, ez genuen baliabide nahikorik gaurko egunera begira. Azkenean ikasle bakarra bertaratu da”.

Latiorro Ikastetxean ere %68koa izan da grebaren jarraipena, eta oso ikasle gutxi bertaratu dira klasera.  

Laudio Ikastolan eta Aresketa Ikastolan, aldiz, erabatekoa izan da jarraipena, hezkuntza zentro horietako kideek baieztatu dutenez.

Artziniegako Arteko Gure Ama Ikastetxean, aldiz, bi ikasle baino ez dira egon, baina zerbitzu minimoengatik 2 irakasle eta zuzendaritza taldeko hiru kide bertaratu behar izan dira. 

Arrankudiagako Eskolan eskolan %96koa izan da jarraipena. Ez da irakaslerik bertaratu, baina zerbitzu minimoak direla eta hiru langile bertaratu behar izan dira. “Handitu egin dute kopurua. Aurreko deialdietan nahikoa zen irakasle bakarra egotearekin”, adierazi dio irakasle horietako batek Aiaraldea hedabideari.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide