Eskualdean ere ikasle zein langile ugari batu dira lanuztera. Hala ere, ez da aparteko deialdirik egin eskualdean, mobilizazio guztiak hiriburuetan izango baitira. Ikasle eragileek izan dute protagonismoa goizaren lehen txanpan Laudion. Ikama ikasle antolakundeak goizeko zortzietan jarri du zita, “herria aldarriz janzteko”.
Ikasle Abertzaleakek, aldiz, 8:30ean egin du deialdia Lamuza plazan. Hainbat gazte bildu dira bertan, eta institutura jo dute zuzenean, grebaren aldeko aldarria zabaltzeko.
Aldarrikapenak
“Hezkuntza itzulera segurua eta adostua” eskatzen dute grebaren deitzaileek. Giza baliabide gehiago exijitzea da deialdiaren xedea, geletako ikasle-ratioa jaitsi ahal izateko; eta, modu horretan, COVID-19aren zabalpena ekiditeko prebentzio eta segurtasun neurriak bete ahal izateko.