15 egun iraungo ditu Euskaraldiaren bigarren edizioak. Hain zuzen, azaroaren 20an ekingo diote euskararen erabilera handitzeko nazio ariketari, eta abenduaren 4an emango diote amaiera. Hala, norbanako zein entitateek hartuko dute parte. Aiaraldean 10 batzorde sortu dira ekimena prestatzeko: Urduñakoa, Amurriokoa, Okondokoa, Artziniegakoa, Aiarakoa, Laudiokoa, Aretakoa, Arakaldokoa, Orozkokoa eta Arrankudiaga-Zollokoa.
Herrietako aurkezpenak egiten hasiak dira jada. Urduñan, Orozkon eta Laudion osatu dituzte bilera irekiak, besteak beste. Leire Sanjurjo Garcia Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluko kidearen hitzetan, herrietako elkarteak gonbidatu dituzte, "informazioa eman eta nola parte har dezaketen azaltzeko, nahi izatekotan".
Irailaren 27 arte egongo da "Ariguneak" sortzeko izen-ematea zabalik. Ahobizi eta belarriprest gisa apuntatzeko, berriz, irailaren 24tik aurrera egongo da aukera
Horrez gain, herrietako batzordeetara batzeko deia luzatu dute: “Irekiak dira, edonor batu daiteke. Harremanetarako euskaraldia.aiaraldea@ni.eus posta elektronikora bidali daiteke mezua”.
Iazko ekimenean pertsonengan jarri zen fokua. Aurtengoan espazioak ere bihurtu dituzte protagonista ariguneen bidez. Hala ere, norbanako moduan ere osatu beharko da ariketa, ahobizi eta belarripresten bitartez.
“Ariguneak”, erronka berri
Irailaren 27ra arte egongo da ariguneak sortzeko izen-ematea zabalik. “Arigune figuraren bidez talde gisa har dezakegu parte”, zehaztu du Sanjurjo Garciak. “Barne eta kanpo ariguneak” bereizi dituzte. Barnekoak ohiko taldeak izango dira, funtzionamendu propioa dutenak; alegia, barne komunikazio ariketa sustatuko dutenak. Horien artean daude kirol edo kultur taldeak, komertzioak edota bestelako enpresa zein entitateak. “Kide horiek ahobizi eta belarriprest gisa hartuko dute parte ariketan. Horietako batzuk ariguneetan egongo dira, eta beste batzuk ez”, zehaztu dute. Tabernak, komertzioak, akademiak... denak gonbidatu dituzte Euskaraldiari puntua jartzera, izan ere, “Guk ere euskaraldiari puntua jarriko diogu, eta zuk? dioen borobil urdin bat emango zaie 15 eguneko ariketarako identifikagarri bezala”. Modu horretan nahi diete aiaraldearrei edota parte hartzen duten norbanakoei espazio horretan euskaraz hitz egin daitekeela.
Kanpo ariguneak, aldiz, bezero edo herritarren arretarako guneetan identifikatuko dira: “Azken hauetan beti bermatuko da ahobizi edo belarripresten bat, hizkuntza eskubideak bermatu ahal izateko”. Alabaina, berebizikoa izango da espazio horretako kideen %80k gutxienez ahobizi edo belarriprest moduan jarduteko konpromisoa hartzea.
"Ariguneak ondo azaltzen du lortu nahi duguna; euskaraz lasai aritzeko guneak sortzea. Garrantzitsua da horrelako espazioak existitzea, eta azpimarragarria"
Ariguneen garrantziaz galdetuta, “dinamika oso potentea” dela dio Euskaraldiko Batzordeko kideak: “Ariguneak ondo azaltzen du lortu nahi duguna; euskaraz lasai aritzeko guneak sortzea”. Espazio horiek identifikatzea sekulakoa da, “toki guzti horietan euskaraz egin daiteke nahi badugu. Euskaraldiko ariketak azterketa hori egiteko balio du, diagnostikoa osatzeko eta azaleratzeko modu bat da. Garrantzitsua da gure eskualdearen errealitate soziolinguistiko honetan euskaraz lasai aritzeko guneak existitzea, eta azpimarragarria. Kolore hori ematea gune bakoitzari dagokio, horregatik sustatu ditugu ariguneak”.
Ahobizi eta Belarripresten izen-emateak
Ahobizi eta belarriprest ahalik eta gehien biltzeko jarduerak martxan daude. Batetik, izen-ematea abiatu dute, irailaren 24tik aurrera www.euskaraldia.eus webgunean. “Dena den, Euskaralditik formulario edo mezua bidaliko zaie emailez iaz erroldatutakoei, ariketa edo rola berretsi edo moldatzeko”, azaldu du Leire Sanjurjo Garciak. Azaroaren 20tik abenduaren 4ra rola bistaratzeko txapa jarri beharko dute partaideek soinean, “azaroan banatuko dugu material hori, herrietako batzordeen bidez”.
Euskaraldiaren hedapena handitzeko unitate didaktikoa kaleratu dute, ikastetxeetan lantzeko helburuarekin. Antolatzaileek aurreratu dutenez, ordea, abestia eta koreografia zabalduko dituzte aurki. Gainera, APP berri bat garatzen ari dira, Euskal Herri osoko ariguneak ezagutzera emateko, besteak beste.
Herrietako ekintzak, baina, tokian tokiko batzordeen esku geratuko dira. “Aurtengo egoera berezia denez, herri bakoitzak erabakiko du egokitasuna. Normalean euskararen egunaren baitan Aiaraldea mailan antolatu izan dugu topaketa, baina aurten oraindik zain gaude, egoerak zein aukera ematen duen jakiteko”, erantsi du Sanjurjo Garciak.
"Euskaraldia konfinamenduarekin lokartutako herri euskalduna bultzatzeko erabili behar dugu; euskara terrazetara, parkeetara eta gure eguneroko bizitzetara ekartzeko berriro"
Konfinamenduarekin euskara guztiz alboratua geratu da, Leire Sanjurjo Garciaren ustez: “Familia eta etxe askotan, hiru hilabetez ez da euskararik entzun. Haur batzuk eskolara hilabeteetan zehar euskara entzun gabe itzuli dira. Euskaraldia konfinamenduarekin lokartutako herri euskalduna bultzatzeko erabili behar dugu; euskara terrazetara, parkeetara eta gure eguneroko bizitzetara ekartzeko berriro”.
Aiaraldean, 3 urteko esperientzia
2017an burutu zen Aiaraldean lehenbizikoz euskararen erabilera bultzatzeko ahobizi eta belarripresten dinamika. 30 egun euskaraz bizitzea izan zen ordukoan erronka. Ikastetxeetan eta kalean egituratu zen ariketa, batik bat; eta euskararen aldeko konpromisoak hartzea eta zabaltzea izan zituen xede.
2018an, berriz, Euskal Herri osoa batu zen esperientziara, Euskaraldiaren lehen edizioarekin batera. 16 urtetik gorakoek soilik hartu ahal izan zuten parte, ordea. Aurten ere, adin langa mantendu dute, eta beraz, gazte zein helduei egongo da bideratuta ekimena. Alabaina, 11 egunez beharrean bi astera luzatuko da egitasmoa.