Asteartean 3 izan ziren Aiaraldean azaleratutako COVID-19 birusaren gaixo berriak. Zehazki, Artziniegan, Okondon eta Laudion kasu bana agertu ziren, aurreko eguneko kopurua hirukoiztuta.
Edonola ere, EAEko kopuruekin alderatuta, joera antzekoa dela esan daiteke. Izan ere, Osakidetzak 285 positibo erregistratu zituen astelehenean, 7.373 PCR proba eginda. Atzo, aldiz, 432 izan ziren diagnostikatutako kutsatu berriak, nahiz eta PCR kopurua ez zen hainbeste handitu, 9.741 izan baitzen guztira.
Hain zuzen, igoera hori Araban islatu zen bereziki, kasu berriak bikoiztu baitziren; 39 positibotik 83ra igaro ziren. Bizkaian 198 gaixo berri topatu zituzten eta Gipuzkoan 138.
Ospitaleratuen egoera ere aldatu da. 9 lagun gutxiago daude ospitaletan -256 guztira-, baina herritar bat gehiagok behar ditu zaintza intentsiboak, 56 orotara. Gauzak horrela, EAEko ratioa berriro igo da eta 0,96an kokatu da.
Eskualdeko kutsatuen kopuruak pandemia hasi zenetik hurrengoak dira, herriz herri:
- Laudio: 276
- Amurrio: 179
- Aiara: 76
- Urduña: 70
- Okondo: 17
- Orozko: 35
- Artziniega: 37
- Arakaldo: 0
- Arrankudiaga-Zollo: 2
- Aiaraldea: 689