Amurrio eta Aiara ere batu dira Moriako errefuxiatuak laguntzeko janari bilketara

Aitor Aspuru Saez 2020ko urr. 1a, 07:00

Sakanan egindako janari bilketa. / Guaixe.eus

Amurrion Bai Bada! liburu-dendan egin daiteke ekarpena. Aiaran Etxaurren Ikastolak jasoko ditu jakiak eta Malato supermerkatuan ere egingo dute bilketa.

Orozko ez ezik, beste herri batzuk ere batu egin dira Zaporeak elkarteak bultzatutako ekimenera. Izan ere, Moriako errefuxiatuen kanpaleku polemikoak sua hartu ostean, elkarteak euskal gizarteari proposatu dio bertan dauden 12.000 errefuxiatu baino gehiagori oinarrizko laguntza bideratzea.

Gauzak horrela, Amurrioko Bai Bada! liburu-dendan elkartasun puntua ezarri dute elikagaiak uzteko. Urriaren 3ra arte egongo da horretarako aukera Jose Medinabeitia kaleko 8. zenbakian. Ordutegia hurrengoa da; goizean 10:00etatik 13:30ak arte eta arratsaldean 17:00etatik 19:30ak arte.

Aiaran ere bi toki

Aiarako Udalerriak bi tokitan ahalbidetuko dute elkartasun ekimenean parte hartzea. Alde batetik, Etxaurren Ikastolan urriaren 2an, hau da, bihar, jasoko dituzte jakiak. Zehazki, bi ordu egongo dira horretarako, 15:30etatik, 17:30ra bitartean.

Hurrengo egunean, urriaren 3an, Luiaondoko Malato supermerkatuak hartuko du lekukoa. 10:00etatik 14:00ak arte izango da bilketa.

Elikagaiak

Zaporeak elkarteak Morian egiten duen lana errefuxiatuentzako otorduak prestatzean datza. Hori dela medio, hurrengo jakiak eskatu dizkiete kanpainan parte hartuko dutenei: arroza luzea, garbantzuak, dilistak, babarrunak, makarroiak, atuna, sardinak, oliba olioa, espezieak, esne hautsa eta barrita energetikoak.

Halaber, ekarpen ekonomikoak ere onartzen ditu elkarteak. Horretarako bi bide daude. Alde batetik, diru sarrera egitea Kutxabanken (ES32 2095 5011 80 9115250322) edo Laboral Kutxan (ES71 3035 0103 88 1030035880). Bestetik, Bizum kontua ere badute Zaporeakeko kideek: Zaporeak Proiektua – 00435.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide