AZKEN DATUAK

Atzo ez zen egon koronabirus kasu berririk Aiaraldea osoan

Aitor Aspuru Saez 2020ko urr. 1a, 14:41

Atzo ez zen positibo berririk erregistratu eskualdeko udalerrietan. / Aiaraldea.eus

Irailerako azken egunera arte itxaron izan behar du eskualdeak egun batetan kutsatu berririk ez erregistratzeko.

Asteartean 3 positibo jazo eta gero, Aiaraldean ez zen COVID-19 birusaren positiborik detektatu atzo. Iraileko markarik onena izan da, azken egunean izan den arren. Berez, atzora arte egun guztietan topatu du Osakidetzak gaixo berriren bat.

Edonola ere, EAEko datuei erreparatuta, badirudi nolabaiteko kasualitate estatiskoa izan dela. Hau da, nahiz eta datu baikorra izan, ez dirudi joera aldaketa bereziki garrantzitsua suposatuko duenik. Izan ere, azken asteotan egun askotan positibo bakarra, 2 edo 3 gertatu dira eta erkidegoko batezbestekoak ez dira hainbeste aldatu.

Berez, atzo baino 47 positibo gutxiago diagnostikatu ditu osasun sistema publikoak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 385, alegia. Hori bai, asteartean 9.741 PCR proba gauzatu zituzten bitartean, atzo 1.228 gehiago egin zituzten, 10.969 guztira.

11 ospitaleratu gutxiago daude Osakidetzako azpiegituretan, 245, atzoko datuekin alderatuta. Halaber, 55 gaixorekin, herritar bat gutxiago dago Zaintza Intentsiboko Unitateetan. Horrenbestez, ratioa jaitsi da eta 0,94an kokatu da. 

Lurraldeka, Arabak 63 kasu atzeman zituen, Bizkaiak 138 eta Gipuzkoak 175.

Hauek dira eskualdeko kutsatuen kopuruak pandemia hasi zenetik kontatuta:

  • Laudio: 276
  • Amurrio: 179
  • Aiara: 76
  • Urduña: 70
  • Okondo: 17
  • Orozko: 35
  • Artziniega: 37
  • Arakaldo: 0
  • Arrankudiaga-Zollo: 2
  • Aiaraldea: 689

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide