Urduñako Udalak salatu duenez, lehen arretako osasun langileen egoera eskasa eta kezkagarria da. Hiriko hiru sendagiletik, bi daude bajan. Horrez gain, pediatria zerbitzuak Amurrion jarraitzen du eta emagina laster erretiratuko da. Itziar Biguri alkatea Osakidetzarekin harremanetan jarri da egoera bideratzeko, baina ez du erantzun ofizialik jaso.
Bestalde, Roberto Gonzalez Santisteban Aiarako medikuak eskualdeko zenbait daturen berri eman du sare sozialetan, "gogoeta gisa, informatzeko helburu soilarekin baino ez".
Bost herritan, 11 mediku
18.000-20.000 herritar artatzen ditu Osakidetzak "Aiaran": Urduña, Artziniega, Luiaondo, Arespalditza eta Amurrio herrietan bizi direnak, hain zuzen. Guztira, 11 familia mediku daude herri horietan: 3 Urduñan, bana Artziniegan zein Luiaondo-Arespalditzan, eta 6 Amurrion.
Horrez gain, 3 pediatra daude Amurrion. "Azken egunetan bi baja egon dira Urduñan eta bat Amurrion. Gainera, Artziniegako medikua ere bajan dago, lanean COVID-19a zuen eri batekin harremana izateagatik", azpimarratu du Gonzalez Santiestebanek.
Osasun egoerari aurre egiteko bitarteko falta salatu du Roberto Gonzalez Santisteban medikuak. Esaterako, 4 sendagilek hartu behar izan dute baja azken egunetan.
Ondorioz, Arespalditzak landa eremua artatu beharko du; "Beotegitik Soxoraino eta Murgatik Erreteseraino".
Aiarako medikuaren hitzetan, egoerari Amurrioko arreta gehigarria erantsi behar zaio: "Erizain eta medikuntzako profesional guztiak egunero pasatzen gara Amurrioko COVID gunetik koronabirusak infektatutako herritarrak presentzialki sendatzera: beharrezko PCR frogak egitera, jarraipena behar duten gaixoekin egotera eta abar. Horrez gain, aipatutako arrazoiengatik, medikurik ez duten herritarrak ikusten ditugu".
Baliabide eza
Egungo baliabideekin, baina, ezin zaio aurre egin eskariari, Gonzalezen arabera. Martxotik gaur arte Arespalditzan, esaterako, 2500 kontsulta presentzial egin dituzte gaixotasun fisiko edo emozionaldunak kontuan hartuta.
Ildo beretik, medikuek soilik osatu ditzaketen txostenen kargu hartu behar izan dute, "administraziokoek ezin baitituzte egin".
Isolamenduan dauden pertsonen bajen tramitazioa ere gainezka dago, osagilearen esanetan. Sektoreko datu orokor esanguratsu batzuk ere aipatu ditu, lan kargaren adierazle gisa, egunero medikuek 15.000 baja bideratzen dituztela, kasu.
"Pazienteak -animo guztiei-, arduradunak, zuzendariak, OSIko kudeatzaileak, Osasun Saila eta Lehendakaria egoeraren jakitun egon eta iritzia emateko" azaldu du Gonzalez Santiestebanek guzti hau, "gure unitatearen errealitatearen deskribapen zehatza izan dezaten, ez da iritzi bat".