Tubacexeko zuzendaritzak Enplegua Erregulatzeko Aldi Baterako Espediente berria negoziatzeko asmoa plazaratu dio Enpresa Batzordeari. Datorren ostegunean egingo dute horretaz hitz egiteko lehen bilera. Pandemia hasi zenean ezarri zuen zuzendaritzak enplegua erregulatzeko lehen espedientea, eta indarrean dago oraindik.
Horren aurrean, mobilizazio egun berria deitu dute langileen ordezkariek datorren asteko ostiralerako -urriak 16-. Lau orduko lanuztea burutuko dute arratsaldeko seietatik hamarretara bitartean, eta mobilizazioa egingo dute 19:00etan Amurrion, udaletxearen aurretik abiatuta.
Asteazkenean izan zen zuzendaritzaren eta langileen arteko seigarren bilera. Aurreko topaketetako eskema errepikatu zen: zuzendaritzak 150 langile kaleratu edo 150 langileren kostua (10 milioi euro) soldatak murrizten aurreztea eskatu zien beharginei. Hauek, euren aldetik, uko egin zioten beste behin ere proposamen horiek negoziatzeari, eta ordura arte eginiko mobilizazioetan jasotako babes zabala jarri zuten mahai gainean. Orain arte bi greba egun deitu ditu Enpresa Batzordeak zuzendaritzaren jarrera salatzeko, eta biek izan dute erabateko jarraipena.
Gainera, mila pertsona baino gehiago biltzea lortu zuten Laudio eta Amurrio lotu zituen mobilizazio egunean:
Asteartean egin zuten bigarren greba eguna, eta bertan ere erabatekoa izan zen beharginen jarraipena: