Tren zerbitzu publikoan arazoak pilatzen ari dira. Pasa den astean Aiaraldea Hedabideak azaldu zuen gidarien eskasiak tren zerbitzuaren kalitatean eragin duela. Halaber, hurrengo asteetan CGTk deitutako lanuzteek ere sortuko dute garraio publikoaren erabiltzaileek aukera gutxiago izatea C-3 linea baliatzeko.
Izan ere, CGTk salatu du ADIF enpresa kanpoko gero eta jende gehiago kontratatzen ari dela, eta langile berriek ez dutela trebakuntzarik. Horrek arriskuan jartzen ditu zerbitzuaren funtzionamendua eta bereziki azpiegituren eta beharginen segurtasuna, sindikatuaren aburuz.
CGTren hitzetan, enpresa eta langile batzordearen arteko azken bilerako aktan desagertu egin da arazo hori, eta euren kabuz antolatu behar izan dituzte lanuzteak.
Protesten ondorioz, tren ordutegia aldatuko da. Berez murrizketen berri emateko C-1 eta C-2 ibilbideetan kartelak jarri badituzte ere, C-3 linean ez dituzte moldaketak aditzera eman geltoki guztietan.
Lanuzteen egunak eta ordutegiak
Gauzak horrela, sindikatuak mobilizazioak egingo ditu gaur, urriaren 15ean, 20an eta 22an eta etenaldiak 2 ordukoak izango dira:
- 01:00-03:00
- 10:00-12:00
- 17:00-19:00
Hurrengo asteetan lanuzteak indartuko dituzte eta urriaren 27an eta 29an eta azaroaren 3an eta 5ean, ordea, 4 ordukoak izango dira:
- 11:00-15:00
- 15:00-19:00
- 23:00-03:00