"Indarkeria matxistaren aurka Aiaraldea dantzan" lehiaketa aurkeztu du Aiaraldea Hedabideak

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko urr. 16a, 11:31

Dantza lehiaketa antolatu du hedabideak. / Aiaraldea.eus

Azaroaren 6ra arte egongo da izena emateko aukera, eta banaka zein taldeka aurkeztu ahalko dira dantzariak. Irabazleak webguneko boto bidez erabakiko dira, eta 150€ zein 300€ izango dira sariak.

Dantza eta indarkeria matxistaren aurkako aldarriak uztartuko ditu Aiaraldea Hedabideak udazkenean. Koreografia edo dantza lehiaketa proposatu du horretarako, eta bi modalitate edo kategoria bereizi dituzte. Batetik, banakakoa, eta bestetik taldekakoa. Sariak 150€ eta 300€ izango dira, hurrenez hurren. Parte hartzeko ez da adin mugarik egongo. 

Banaka edo taldeka izena eman ahal izango da, eta sariak 150€ eta 300€ izango dira, hurrenez hurren. Indarkeria matxista edota ahalduntzea izan beharko da gaia, koreografia edo euskarazko abesti bat baliatuta

Izen-ematea azaroaren 6ra arte egongo da zabalik, eta feminismoa@aiaraldea.eus posta elektronikora edo 688 62 59 00 telefono zenbakira bidali beharko da mezua horretarako.

Dantzatzeko aukeratutako abestiak genero indarkeriarekin edo ahalduntzearekin zerikusia izan beharko du, eta euskara izan beharko da hizkuntza nagusia. Dena den, letrarik gabeko abestiek balioko dute, koreografian aipatutako gaiak agertzen badira.

Ikuskizuna eta bideo grabaketak

Osasun egoerak ahalbidetzen badu, azaroaren 20an Aiaraldea Hedabideak  “Indarkeria matxistaren aurka Aiaraldea dantzan” ikuskizuna antolatuko du, eta bertan parte hartuko dute dantzari guztiek. Emanaldia bideoz grabatu eta zabalduko da. Adingabeen kasuan tutore edo arduradunen idatzizko baimena eskatuko da, ondorioz. 

Izena emateko formularioa bete beharko da, labur.eus/AiaraldeaDantzan helbidean eskura dagoena. Bertan, taldearen edo dantzariaren inguruko oinarrizko informazioa zehaztu beharko da: izen-abizenak, herria, harremanetarako telefonoa eta aukeratutako abestia. Aiaraldea Hedabideak aurkeztutako pieza bakoitza grabatuko du, eta ondoren irekiko da bozketa fasea.

Bozketa fasea

Lehiaketaren irabazleak boto bidez erabakiko dituzte webguneko jarraitzaileek. Bozketa fasea azaroaren 23tik 29ra izango da. Hala, azaroaren 30ean jakinaraziko dira irabazleak Aiaraldea.eus webgunean. 

Horrez gain, bi hitzaldi eta 8 orriko aldizkari berezia prestatuko ditu hedabideak udazkenean. Egitasmoa garatzeko Emakunderen babesa jaso du komunikabideak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide