Gaur goizean izan dute bilera Madriletik etorritako Renfeko arduradunek eta enpresako tokiko langile batzordeak. Sindikatuek jakinarazi dutenez, agintariek iragarri dute abendura arte ezin izango dutela ordezkatu erretiratu diren tren gidariak. Horri gehitu behar zaio langile berriek hilabetea beharko dutela postu berrira egokitzeko.
Ondorioz, hurrengo urtera arte luzatuko dira egun dauden arazoak eta tren zerbitzua egun batetik bestera bertan behera geratuko da hainbat aldiz.
Behin behineko irtenbideak
Hori konpontzeko Madrilgo buruzagiek bi konponbide proposatu dizkiote Abandoko gerenteari. Alde batetik, zerbitzua bertan behera uztekotan, C-1 linean egitea. Izan ere, Santurtzira joateko bidaiariek bestelako eskaintza dute; autobusak edo metroa, esaterako.
Bestalde, udako ordutegira itzultzea iradoki dute. Hau da, maiztasun gutxiagoko zerbitzua ematea, baina egonkorragoa. Edonola ere, udako ordutegiarekin ere zerbitzuak ez du modu zuzenean funtzionatu du ekainetik irailera arte.