Renfek pandemia aurreko tren zerbitzua ezar dezan, mozioa onartu dute Laudioko, Aiarako, Urduñako eta Amurrioko Udalek

Aitor Aspuru Saez 2020ko urr. 30a, 13:59

Pandemia baino lehen zegoen tren zerbitzua exijituko dute udalek. / Aiaraldea.eus

Udalbatzan aritzen diren talde guztiek bozkatu dute testuaren alde, PSE-EEk salbu.

Laudioko, Aiarako, Urduñako eta Amurrioko Udal Osoko Bilkurek mozioak onartu dituzte pandemia aurretik C-3 linean zegoen zerbitzua abiatzea eskatzeko. Izan ere, egunero hainbat tren geratzen dira bertan behera.

Aiaran pasa den asteko udalbatzan eman zioten oniritzia talde guztiek mozioari. Laudion astelehenean egin zuen aurrera testuak alderdi guztien babesarekin, PSE-EErena izan ezik. Berez, ekimena EH Bilduk aurkeztu zuen, baina EAJrekin eta Omniarekin adostu zuten idazkia.

Urduñan eta Amurrion atzo eztabaidatu zen mozioa. Emaitza bera izan zen, alderdi guztiak egon ziren ados, sozialistak kenduta, Amurrioko kasuan.

Orozkon ere EH Bilduk mozioa eramango du hurrengo astean udalbatzara.

Renferi, ADIFi eta Garraio Ministerioari bideratu dituzte euren aldarrikapenak Laudioko zein Amurrioko Udalek

Egitasmoa jarraiki, udalek Renfe eta Garraio Ministerioari eskatuko diete itxialdia baino lehen zegoen tren zerbitzua berrezartzea. Halaber, C-3 linea lehiakorra izatea eta herritarren beharretara egokitzea exijituko diete erakunde horiei. Langile kopurua handitzea proposatuko dute horretarako.

Aurretik iragarri bezala, premiazko bilera eskatuko diete Renfe eta ADIFi eta mahai gainean jarriko dute inbertsioak egiteko beharra herrietako geltokien irisgarritasuna eta segurtasuna bermatuta egon dadin.

Azkenik, eskumen horiek Eusko Jaurlaritzari ematea aldarrikatuko dute udalek eta Bizkaiko zein Arabako Foru Aldundien parte hartzea iradokiko dute.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide