COVID-19a ekiditeko neurrien aurrean, ostalarien kezkak eta kexak

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko aza. 1a, 10:42

Koronabirusak aldaketa nabarmena eragin du ostalaritzan ere. / Aiaraldea.eus

Ordutegi murrizketek eta taberna barneetan egoteko mugek, zeresan handia eman dute asteburuan ere. Aldaketa nabarmena eragin du koronabirusak ostalaritza zerbitzuan ere.

Astelehenaz geroztik, 6 lagun baino ezin dira elkartu mahai bueltan, koronabirusa ekiditeko prebentzio neurrien artean. Ostalaritzaren sektoreari eragin dio, batik bat, indarrean jarritako legeak. Asteburuak ez-ohiko irudiak eta kezkak jarri ditu mahaigainean.

Batetik, 23:00etan etxeratzeko aginduaren ondorioz, afari zerbitzua nabarmen mugatu da. Bestetik, kontsumitzeko eserita eta maskarillarekin egon beharrak, zerbitzatzeko erritmoa jaitsi du. Horri, pertsona -edo talde txiki- bakoitza eremutik joatean egin beharreko desinfekzio lanaren denbora gehitu behar zaio.

"Egoera larria"

Egoera larria da ostalaritza sektorean. Pandemiari aurre egiteko hartutako neurriek nola herritarrengan hala ostalariengan etsipena eragin du. "Berriro ere konfinatzen bagaituzte eta etxean geratu behar badugu, taberna itxi beharko dugu", zioen negozio bateko jabeak.

Elkarren artean hizketan ari ziren Laudioko bi tabernen jabeen artean, berriz, ostalaritza jopuntuan jarri izanaren kexu ziren: "Tabernetako zerbitzuan sekulako mugak jarri dituzte, eta betetzen ari gara. Trenetan, hegazkinetan eta bestelako tokietan zer? Soluzioetako bat hau izan daiteke, baina denok egin behar dugu ariketa".

Isunak gogortu egin dira, herritarrek osasun eta prebentzio aginduak jarrai ditzaten. Esaterako, larunbatean, zenbait tabernetan sartu zen polizia, maskara eta segurtasun distantziak bermatu ezik, zigorraren zati bat erabiltzailearena eta bestea tabernariarena izango dela ohartarazteko.

Ikusteke dago datozen asteetan koronabirusak izango duen bilakaera, eta ondorioz, neurriak arindu edo gogortuko diren. Bien bitartean, kezka da nagusi Aiaraldeko kaleetan ere.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide