San Pedro mendiko indusketak abiatu dituzte berriz

Txabi Alvarado Bañares 2020ko aza. 2a, 08:00

350 pieza inguru topatu dituzte dagoeneko arkeologoek kanpaina berri honetan. Memoriaren Ibilbidea osatuko dute datozen hilabeteetan. 

Abiatu dute San Pedro mendiko indusketa arkeologikoen 4. kanpaina.. EHUk sustatu du ekimena, Josu Santamarina Otaola arkeologoaren zuzendaritzapean. Iragan ostiralean egin zuten ekimena aurkezteko prentsaurrekoa. Santamariaz gain, Josune Irabien eta Itziar Bigurik -Amurrio eta Urduñako alkateak, hurrenez hurren- parte hartu zuten agerraldia, mendia bi udalerri horien artean dagoelako. 

Bi udalen partetik jasotako laguntza eskertuz hasi zuen Santamariak bere hitzartzea. Koronabirusak nabarmen mugatuko aurtengo indusketak, arkeologoak nabarmendu zuenez, baina horrelako ekimenak “geroz eta beharrezkoagoak” direla ere nabarmendu zuen. “Guda Zibila bizi izan zuen belaunaldia galtzen ari da apurka apurka. Orain, pandemiak ezarri duen isolamendua dela eta, ezin ditugu ahozko testigantza horiek jaso, indusketak dira horretan sakontzeko dugun modu bakarra”. 

Azaroaren 9ra arte iraungo dute lanek. Ez dute aurkikuntzak jendarteratzeko hitzaldirik egingo, baina mendira hurbiltzen den edonori emango diote ikerkuntzaren nondik norakoen berri. “Hurbildu nahi duten pertsonek txandaka egin beharko dute, eta osasun agintariek ezarritako segurtasun neurriak betez”, ohartarazi dute udalek. 

Memoriaren ibilbidea

Beste proiektu bat ere garatzen ari da ikertzaile taldea San Pedro mendiko aurkikuntzak jendarteratzeko: Memoriaren Ibilbidea. 2 kilometro inguruko bidea izango da, hainbat panel eta seinalez hornitua egongo dena. Datorren urteko martxorako prest izatea espero dute. "Historia soziala" eraikitzeko balioko du ekimenak, Santamariaren hitzetan. "Hezkuntza balibide garrantzitsua ere izan daiteke eskualdeko hezkuntzazentroentzat, 0 kilometrokoa, klaseak kalean egitea aldarrikatzen ari diren garai hauetarako ezin aproposagoak". 

Lau urteko ibilbidea

2016. urtean ekin zioten San Pedro mendian indusketak egiteari, Guda Zibilean bertan jazotako gorabeheren nondik norakoak azaleratzeko. Eginiko ikerketek emaitza paregabeak eman dituzte, Santamariaren hitzetan. Milaka pieza arkeologiko topatu dituzte, eta 100 metro lubaki eta lau bunker atera dira argitara, besteak beste. 

Aurkintza esanguratsu ugari egin dituzte urte hauetan zehar. Munduko hainbat txokotako bala-zorroak eskuratu dituzte, Guda Zibilak nazioarteko izaera izan zuenaren seinale. Balio handiko beste objektu batzuk ere berreskuratu dituzte: Gasteizko La Esperanza Kontsumo Kooperatibako 10 zentimoko txanpon bat, Euskadi egunkariaren ale bat edota Manuel Mogrovejo Arnaiz milizianoaren txapa. Txapa horren arrastotik tiraka Mogrovejoren bizitzaren nondik norakoak azaleratu dituzten ikerlariek: San Pedron borrokatu zen eta Mauthausen-Gusen kontzentrazio esparru nazitik bizirik ateratzea lortu zuen beranduago. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide