Amurrioko plazatik abiatu zen atzo gazteen kriminalizazioaren aurkako mobilizazioa. Izan ere, "segurtasuna bermatzeko" poliziaren presentzia nabarmen handitu da azken aldian herriko kaleetan; ez, ordea, osasun baliabideak. Horregatik, "Utzi gazteak kriminalizatzeari, pandemiari aurre egiteko benetako neurriak behar ditugu" lemapean egin zuten atzoko mobilizazioa Amurrion. 19:30ean hasi zen protesta, eta Frontoi kaletik igarota zeharkatu zuten gazteek herrigunea. Hala, parkean bukatu zuten ekimena, zaintza erdigunean jartzeko beharra azpimarratuta.
Laudion, berriz, igande eguerdian egin dute elkarretaratzea. Alberto Acero plazan jarri dute hitzordua, eta "Kaleak denonak dira", "Osasun publikoa indartu", "Utzi gazteak kriminalizatzeari" edota "Hemen bizi, hemen erabaki" gisako leloak izan dira protagonista.